Eduki publikatzailea

Atzealdea

2017ko IPARRAGIRRE SARIAK ERABAKITA

Sariak Urretxu eta Zumarragaren proposamena dira, bertsopaperak eta euskarazko zein gaztelaniazko poesia eta narratiba sustatzeko

2018·01·02


Literaturako autore berriei ahotsa ematearren Urretxu eta Zumarragako Udalek sortutako Iparragirre Sarien epaimahaiek aurtengo edizioko obra irabazleak aukeratu dituzte. 1997az geroztik Iparragirre bardoaren izena daramaten sariok bertsopaperen eta euskarazko zein gaztelaniazko poesia eta narratibaren euskarri agertu dira, lanak sustatzeko bidea izateaz gainera. Sarituek jasotzen dituzten diruzko sari eta diplometatik aparte, udal biek obren edizioa lantzen dute, hasieratik beretik Bermingham argitaletxearen bitartez.

Bertsopaperen atalean Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain), “Ez beti da ez!” lanarekin, eta Karmele Mitxelena Etxebestek (Oiartzun), “Bizitza zor” lanarekin, lehen saria jaso dute, ex aequo; 16 urtetik beherakoentzako saria eman gabe geratu da. Modalitate honetako epaimahaian Zumarraga–Urretxu Bertso Eskolako kideak izan dira, Gorka Azkaratek koordinatuta.

Mirian Luki Albisuak, “Erreka” obrarekin, euskarazko poesia saria eskuratu du, eta Mikel Fernández Callejok narratiba atalekoa eraman du, “Jangoikoa ez da nahikoa” kontakizunarekin. Idazle hauek biak Urretxukoak dira. Obrek 500 €, diploma eta obraren edizioa izaten dituzte sari. Poesia atalean bederatzi lan aurkeztu dira, eta hamaika narratiban. Modalitate honetako epaimahaiko kideak Irati Goikoetxea eta Nerea Beldarrain izan dira. 

Simón Delgado Gorrínek (Madril), “Viento seco” poema-bildumarekin, eta Silvia D´Aquila Martín (Irun), “El país que inventaste” kontakizunarekin, gaztelaniazko sariak eraman dituzte. Gaztelaniazko lanei dagokienez, 46 obra aurkeztu dira poesia atalean, eta 128ko narratiban. Gaztelaniazko sariak, Elena Román, Patxi Andión –aurtengo edizioan sartu da epaimahaian– eta Félix Marañak osatu epaimahaiak emanak, aipatutako beste modalitateetakoen berdinak dira. 

Iparragirre Sarietako sari banaketa laster izango da, obra sarituak jasotzen dituzten liburuak aurkeztuko diren literatur ekitaldi batean.