Eduki publikatzailea

Atzealdea

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Zumarragako Udaleko Bozeramaile Batzordeak adierazpen instituzionala adostu eta onartu du gaur arratsaldean, joan den uztailaren 7an, larunbat goizaldera emakume gazte batek izandako eraso sexista salatzeko.

2018·07·13


Udal Korporazioa osatzen dugun talde politiko guztiok gaitzespen eta salaketa irmoena adierazi nahi dugu erasoaren aurrean, eta edozein biolentzia kasuren aurka jarriko gara, bilatzen dugun helburua gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatuko duen gizarte bat baita, biolentziarako lekurik izango ez duena.

            Zumarragan bizi garen guztion, eta Instituzioon egitekoa da emakumeenganako indarkeria gaitzestea, eta hori gizartetik ateratzeko beharrezko neurriak martxan jartzea, horretarako, lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu biktimari.

            Horregatik guztiagatik, Bozeramaile Batzordeak HONAKOA ADOSTU du:

1.- Biolentzia zentzua duen edozein ekintzaren gaitzespen eta salaketa irmoena, kasu honetan emakumeenganakoa.

2.- Emakume gazte honi babesa, elkartasuna eta maitasuna adieraztea, eta bere eskutan jartzea Udalak dituen arreta zerbitzu eta baliabide guztiak.

3.- Biolentziaren kontrako edozein adierazpen babesteko konpromisoa, eta biolentzia desagerrarazteko neurriak sustatzekoa eta babestea ere bai.

4.- Helburu hori lortzeko udal plan eta programak gauzatzen jarraituko dugu, eta sentsibilizazio programak zabaltzen.

5.- Eskerrak eman bereziki erasotua lagundu zuten bi zumarragar gazteei, euren elkartasun eta azkartasunagatik. Elkartasun horrek, beste behin erakusten du mundua mugitzen duen benetako energia hori dela: ontasuna.

            Testuinguru honetan, Udal honek herritar guztion inplikazioa eskatu nahi du, bai gizon bai emakumeona, adin guztietakoak, gure jarrera ezinbestekoa izan baitaiteke erasoren bat saihesteko.