Eduki publikatzailea
Atzealdea

Antioko ibilbide paisajistikoaren hobekuntza

Antioko ibilbide paisajistikoaren hobekuntzak 50.000 € inguruko kostua izango du. Haren helburua da ingurunearen erresilientziari eustea eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzea, baita ingurunearen natura eta paisaia kalitatea ere, eta pertsonen naturarekiko lotura areagotzea eta Zumarragaren kultura eta historia nortasuna aitortzea.

2019·12·04


Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Zumarragako alkate Mikel Serrano Antiguako ibilbide paisajistikoa hobetzeko lanak ikustera joan ziren atzo,  bi erakundeen arteko koordinazio betean eramaten ari diren lanak, hain zuzen ere. 

Jarduera hau Klima Aldaketaren Aurkako Borrokaren Gipuzkoako Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren 3. xedearen helburua da Gipuzkoako azpiegitura berdearen sarea sustatzea eta lurraldea desfragmentatzea. Alde horretatik, bi ekintza zehatz ezarri dira: alde batetik, degradatutako eremuak lehengoratzea eta eremu horiek naturalizatzea bilatzen dutenak, lurraldearen erresilientziari eusteko eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzeko (3.2.2 ekintza); eta, bestetik, hiri azpiegitura berdeak sustatzea, landa azpiegituren osagarri gisa, klima aldaketara egokitzeko neurri gisa (3.2.3 ekintza).

Horrela, bada, klima-aldaketara egokitzeko eta Gipuzkoako udalerrietako azpiegitura berdeak osatzen dituzten eremuak berreskuratu eta balioesteko jarduera zehatzak sustatzeko testuinguru horretan kokatzen da Antiguako Ibilbide Paisajistikoa Hobetzeko jarduketa hau. Guztira, 48.378 euroko aurrekontua du (BEZ barne), eta 5 edo 6 asteko epea, lanak amaitzeko.

Antiguako Ibilbide Paisajistikoaren Hobekuntza Beloki mendiaren naturagunean kokatzen den 5 km inguruko bide zirkularretik abiatzen da. Bide hori Antiguako ermitaren ondoko interpretazio zentroaren inguruan hasten eta amaitzen da, Zumarragako kultura  eta arkitektura ikurra baita. Beraz, ibilbideak oso harrera ona du eta udalerriko nahiz beste jatorri batzuetako herritarrek maiz erabiltzen dute. 

Natura, paisaia, jolas eta gozamen balioa eta ingurunearen ezagutza balioa aintzat hartuta, jarduketak bidezidorraren zoladura hobetuko du, herritar guztien joan-etorrietarako irisgarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko (higatutako eremuak finkatzea eta bidezidorreko drainatze sarea eta kutxatilak hobetzea), hainbat lekutan zuhaitzak landatuko dira,  eserleku ugari jarriko dira, eta lau egote-eremu txiki sortuko dira,  plaza natural txikien izaera izango dutenak, ibilbidean zehar banatuta. Jarduketa guztiak esku-hartze bigunekoak izango dira, eta elementu naturalak erabiliko dira, hala nola eserlekuak, mahaiak, zuhaitzak, zuhaixkak, landareak eta izaera naturaleko seinaleak. 

Ibilbidearen egoera baliatuz, Antiguako ermitaren eta haren interpretazio zentroaren kanpoaldean eta aire zabalean luzapen gisa edo erantsitako gela gisa planteatzen dira egonlekuak. Horregatik, zona bakoitzaren izaera estetikoa lotuko da Zumarragako iragan historikoaren bereizgarri diren lau ezaugarri nagusirekin  (Antiguako ermitaren egitura bitxia, Urolako trena, industria-iragana -Orbegozo, Zaldua, eta abar- eta saskigintza edo zume lanketaren iragana).

Azken batean, jarduerak ingurunearen erresilientziari eustea eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzea ahalbidetuko du, bai eta hainbat zerbitzu ekosistemiko eskaintzea ere, ingurunearen natura eta paisaia kalitatea handitzeaz gain, biztanleriaren ongizatea zein bizi kalitatea goratzeko nahiz osasun indizeak hobetzeko, eta pertsonen naturarekin berriro konektatzeko,  Zumarragaren kultura eta historia nortasuna aitortzearekin batera.