Eduki publikatzailea
Atzealdea

Eizaga gainaren saneamendu sistema berriaren lanak

Obra horien bidez, saneamendu sare bereizle bat egingo da, egungo sare unitarioa bikoizteko. Horrela, euri-uren sare bat egingo da, alde batetik, eta ur beltzen sare bat, bestetik.

2019·12·03


Proiektua beharrezkoa zen, Eizaga gaineko alde bateko etxeen isurketak inguruko euri-urekin nahasten baitziren, eta Santa Lutzi errekara isurtzen ziren, inolako tratamendurik gabe. Obrak amaitutakoan, euri-urak Santa Lutzi errekarantz isurtzen jarraituko dute, eta ur beltzak ponpaketa-putzu batean bilduko dira. Putzu horrek bultzatu egingo ditu, Antio Hiribidetik jaisten den kolektorearekin konektatu arte.  Inguruan dauden saneamendu kolektoreen bidez, Eizaga gaineko ur beltzak Zuringoaingo Hondakin Uren Araztegira iritsiko dira, eta bertan araztuko dituzte. 

Obren aurrekontua 111.357,40 euro da, eta exekuzio epea 4 hilabete; beraz, aurreikusita dago urte amaierarako amaituta egotea. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi du Departamentuaren helburu nagusia dela «ur hornidurarako sistemen bermeak indartzea, eta hondakin uren saneamendua osatzea». «Egindako inbertsio materialari eta giza inbertsioari esker, gure ibaien osasuna eta gure etxeetara iristen den uraren kalitatea gainerako erkidegoetakoa baino askoz hobea da», adierazi du Asensiok.

Bestalde, ponpaketa putzu bat ere eraiki da, espaloian, San Gregorio kaleko 31 eta 33 zenbakien arteko garajeetarako sarbidearen ondoan. Puntu horretan bertan egin dira sareak bereizteko beharrezkoak diren jarduketa nagusiak. Era berean, San Gregorio kaleko 20 zenbakiko ur beltzak bereizi dira, errepide orokorrerantz ematen duen aldean. 


Bestalde, inpultsio hodia San Gregorio kaleko eskaileretatik joango da, ponpatzeko putzuaren eta Antio hiribidean behera doan kolektorearekiko lotura arketaren artean. Lotura arketa hori San Gregorio kaleko 29 zenbakiko atariaren parean dago. 

Ponpaketa putzua kontrolatzeko, armairu elektriko bat eraiki da, San Gregorio kaleko 20 zenbakiko parke txikia mugatzen duen harlangaitzezko hormari atxikita.  Obrak osatzeko, kable elektrikoak eta ponpatzeko seinaleen transmisioak kanalizatuko dira.