Eduki publikatzailea
Atzealdea

EMAKUME MASTER CUP TXAPELKETAREN FINALAK ZUMARRAGAN JOKATUKO DIRA.

Finalistak igandean lehiatuko dira Beloki pilotalekuan.

2019·03·13


Bere izaera irekia, inolako bazterketarik gabea, da, ezbairik gabe, EMAKUME MASTER CUP  txapelketaren arrakastaren giltzarrietako bat. Lehiaketak igandean ezagutuko ditu, Zumarragako Beloki pilotalekuan, bere hirugarren edizio honetako txapeldun berrien izenak eta bertan nabarmena izango da, emakumezkoen kirola ikusgarria izan dadin egiteko egiten den lanaz harago, pilota munduan harrobi lan garrantzitsu bat egiten duela  lehiaketa honek. Denera 110 emakumek eman zuten izena txapelketan eta finaletan arituko diren zortzi pilotarietatik seirentzat, Belokikoa euren lehen finala izango da. Benetan harrigarria da Madalen Etxegarai eta Uxue Osesen kasua, 13 urte baino ez baitituzte oñatiarrek.
Antioko Interpretazio gunean izandako aurkezpen jendetsuan, Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Aldundiko Gazteria eta Kirol Zuzendariak nabarmendu du «halako ekimen arrakastatsuak egiteko gaitasunik gabe, aurreko egunetako aldarrikapenek balore eraldatzailea galduko luketela» eta Mikel Serrano, Zumarragako alkateak, bere aldetik, pilotariek gazteekiko egiten duten erreferentzialtasun  lana goraipatu du eta pilotazale guztiei igandean Zumarragako frontoira gerturatzeko gonbitea luzatu die.
Bertan, goizeko 11.15etatik aurrera jaialdi oparo batetaz gozatu ahal izango da, infantil mailako umeen arteko partida batekin hasiko dena.
Baina eguneko arreta promozio eta lehen mailako partidek bereganatuko dute.Partida hauek ETB-k zuzenean emango ditu 11.45etatik aurrera. Promozio mailan María Granado-Ainhoa Lakuntza eta Madalen Etxegarai-Uxue Osesek gipuzkoarren arteko final bat jokatuko dute. Etxegarai-Oses oñatiarrek oso maila bikaina eman dute txapelketa guztian zehar, pilotaren etorkizuna bermatuta dagoela erakutsiz, eta Granado-Lakuntzak esperientzi apur bat gutxiago dute halako lehiatan, nahiz eta apur bat nagusiagoak izan.
Eta final nagusia antolatzaileek txapelketan zehar bilatu duten esperientzia-gaztetasun nahasketa horren erakusgarri izango dira. Leire Garai, egungo binakako txapeldunak, eta Lau eta erdiko txapela jantzi zuen Patri Espinarrek Leire Garai eta Mirian Arrillagaren laguntza izango dute. Errenteriako finalerdiak oso orekatuak izan ziren, tanto bakarraz erabaki ziren eta antolatzaileek sinatuko lituzkete halako beste bi partida, nahiz eta pilotariei ez dien horrek halako graziarik egiten.