Eduki publikatzailea
Atzealdea

Emozioa azken unera arte Mingainluzeko finalean

Atzo igandean jokatu zen aurtengo Mingainluze ekimeneko finala, aurtengo ekinaldiko azken saioa.

2019·02·04


Bertan 8 taldek neurtu zituzten indarrak, kanporaketetan aurrera egitea lortu zuten zortzi taldeak, eta final benetan estu eta umoretsu baten ondoren Los Kabiters taldea (Aimar Arbizu, Asier Calvo, Yasser Reghif) izan zen irabazlea. Talde honek lehen txanpako “Tribuaren berbak” saioan lortu zuen abantaila eta bigarren faseko probetan, lortutako abantaila horri eusteko moduan izan ziren.

Talde irabazleaz gain, EPIC MNU (Markel Zabaleta, Naier Ezkerra, Unai Okariz), IMI (Idoia Aranburu, Malen Rodriguez, Intza Larrañaga), Los Kraks XD (Iara Etxaniz, Henry Salaberria, Maren  Elgarresta), STROG-GIRLS (Leire Callejo, Irati Telleria, Maren Vecino), #ULA# (Uxue Garin, Laida Egiguren, Ainara Elizondo), Oñikan (Oinatz Aramendi, Iker Santiago, Aner Irizar), eta Lagunak (Maren Martin, Maialen Urmeneta, Nahia Torquemada) taldeak ere aritu ziren lanean. IMI taldea izan zen bigarren, irabazleengandik puntu dexentera azkenean, #ULA# hirugarren eta EPIC MNU laugarren. 

Aurten ere, harrera bikaina izan du lehiaketa honek, izan ere, nahiz eta lehenengo aldiz bosgarren mailara mugatu den, 27 taldek eman dute izena, hiruko taldetan banaturik. Hainbeste taldek parte hartzen dutela jakinda, kontuan hartu behar da ez dela batere erraza finalera iristea, eta are zailagoa irabaztea. Pozik egoteko moduan daude, beraz, igandean lehian aritu ziren taldeak.

Finalaren amaieran partehartzaile guztiek merienda eder bat izan zuten eta lehenengo lau sailkatuek sariak jaso zituzten Mikel Serrano eta Maialen Fidalgo Zumarragako eta Urretxuko udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen eta gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “Mingainluzeren zortzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta arrakasta aldetik aurreko urteen ildotik joan da. Datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugula esango genuke”.