Eduki publikatzailea

Atzealdea

EMOZIOA AZKEN UNERA ARTE MINGAINLUZEKO FINALEAN

Atzo ezagutu genituen aurtengo irabazleak

2018·01·29


Argazkian, puntu gehien lortu zituzten lau taldeek Rosa Maiza eta Maialen Fidalgoren eskutik jaso zituzten sariak.

 

Atzo igandea, hilak 28, jokatu zen aurtengo Mingainluze ekimeneko finala, aurtengo ekinaldiko azken saioa. Bertan 8 taldek neurtu zituzten indarrak, kanporaketetan aurrera egitea lortu zuten zortzi taldeak, eta final benetan estu eta porrokatu baten ondoren “Chupa Chups” taldea (Lucia Garmendia, Paula Adanez, Nahia Izagirre) izan zen irabazlea. Azkeneko ariketa (Zer da zer) erabakiorra izan zen, aurretik talde honek beste ariketetan ere maisutasuna erakutsi bazuen ere.

Talde irabazleaz gain, “Hegazti taldea” (Leire Larrea, Izaro Paredes, Eider Tome), “Reala” (Manex Larrañaga, Imanol Inza, Gorka Murua), “LOLPG” (Garazi Huebra, Oihane Lopez, Maddi Bilbao), “Pakito txokolatero” (Beñat Aiastui, Oier Mujika, Egoitz Torres), “Bi gizon eta erdi” (Oier Ibarluzea, Unax Babarro, Oier Urkiola), “Hiru Mariak” (Jone Ibañez, Haizea Barón, Maren Pérez), eta “Guligus taldea” (Malen Etxaniz, Aitana Lizarraga, Ibone Cecilio) ere aritu ziren lanean. “Bi gizon eta erdi” taldea izan zen bigarren, irabazleengandik puntu gutxira, “Hegazti taldea” hirugarren eta “Reala” laugarren. “Emozioa izan genuen amaierara arte eta bukaera oso polita izan da Mingainluzerentzat”.

 

 

Aurten ere, harrera bikaina izan du lehiaketa honek, izan ere, berrogeita bost taldek eman baitute izena, hiruko taldetan banaturik. Antolatzaileen esanetan “finalean zailtasun maila pixka bat igo genuen, eta agian probaren bat edo beste zail xamarra izan zen, baina partaideek trebetasun aparta erakutsi zuten orohar”. Hainbeste taldek parte hartzen dutela jakinda, kontuan hartu behar da ez dela batere erraza finalera iristea, eta are zailagoa irabaztea. Pozik egoteko moduan daude, beraz, igandean lehian aritu ziren taldeak.

Finalaren amaieran partehartzaile guztiek merienda eder bat izan zuten eta lehenengo lau sailkatuek sariak jaso zituzten Rosa Maiza eta Maialen Fidalgo Zumarragako eta Urretxuko udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen eta LHko 5. eta 6. mailetako gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “Atzo goizean hasi ginela dirudien arren, Mingainluzeren zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta arrakasta aldetik aurreko urteen ildotik joan da. Datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugu, zalantzarik gabe”. Bitartean, txikiagoek Trebezia Lehiaketa izango dute martxoan zehar. Izena emateko deialdia datozen asteetan egingo da, eta saioak martxoko lehenengo hiru asteburuetan izango dira ziurrenik.