Eduki publikatzailea
Atzealdea

EUSKAL HERRIKO ITZULIA DELA ETA, HERRIAN IZANGO DIREN GORABEHEREN AZALPENAK EMAN DITUZTE GAUR ZELAI ARIZTI KULTURETXEAN

Aurkezpenean, Mikel Serrano Alkatea, Euskal Herriko Itzuliaren Antolatzaile den Julian Eraso eta Javier Riaño, antolakuntzako kidea egon dira.

2019·04·04


Alkateak, larunbat-igandean hasita, herrian egongo diren ekitaldiei buruzko informazioa emateaz gain, lehen etapen nondik norakoak azaldu ditu. Asteburutik Aurrera Kultur-etxea bera izango da bulego iraunkorra. Bertan egongo dira antolakuntzarako lan-mahaiak.

Asteleheneko erlojupeko etapako lehen txirrindularia 14:15-ak aldera irtengo da, eta azkenekoa 17:15-etan. Bigarren eguneko etapan ordea, 13:45-etarako aurre-ikusten da benetako irteera, kontzentrazioa, sinadura eta dena delakoak egin ondoren.

Zirkulazioari dagokionez, Zumarragako ibilbidea itxita egongo da itzuliko etapak irauten duen bitartean. Zebra-bide guztiak erabilgarri egongo dira Udaletxe parekoa izan ezik, bertan helmuga egongo delako. Urretxuko kaleak irekita egongo dira, bertatik garraiatu ahal izateko. Herrira sartzeko, Aizpurutxoko errepidetik, Etxeberriko inguruan dagoen Urretxuko sarrera erabiliko da. Eta herritik irtetzeko Mugitegiko poligonoa egongo da erabilgarri. Bestalde, ertzaintza eta Udaltzaingoak koordinatu egingo dira, zenbait bidegurutzetan urgentziei bidea irekitzeko. Ospitalearekin lan handia egin da egun horietan kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen jarraitzeko aukera izan dezaten, baita garraio publiko ezberdinekin ere eta Argixao Poligonoko enpresa guztiekin, eta eskertzekoa da guztiek egindako esfortzua.

Mikel Serranok eskertu egin du ere Udaletxeko langileek egindako antolakuntza lana, baita ere guztia aurrera ateratzeko Ezkioko herriarekin zein Urretxuko Udalarekin egindako elkarlana.

 

Autoen zirkulazioari dagokionez, argi utzi nahi izan dute egun horietan herriak Itzuliaren ondorioak pairatuko dituela. Eta antolakuntzaren izenean, herritarrengan eragin ditzaken oztopoengatik barkamena eskatu du Julian Erasok. Aldi berean Zumarraga eta inguruarentzat duen garrantzia azpimarratu du. Batetik inguruko komertzioek egun hauetan izango duten gorakadarengatik, eta bestetik, ETB zein Eurosport-en emisioek izango duten oihartzunagatik. 20 milioi pertsona inguruk jarraituko dutela aurre ikusten da.