Eduki publikatzailea
Atzealdea

GAUR GOIZEAN AURKEZTU DA EUSKADI PLAZAN KULTURA DIGITALAREN ASTEA

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak Kultura Digitalaren gaiari buruzko Asteak martxan jarriko ditu, bost udalekin eta Kode Eskolarekin elkarlanean, lurraldeko haur, nerabe, gazte, profesional eta familiengana iristeko asmoz.

2019·05·02


Hainbat ekintza antolatu dira maiatzaren 3tik 8ra bitartean egiteko. Alde batetik, ikasgela ibiltarian (iaz ere herriz herri ibili zen autobusa, Irizarrek utzita) bideo-jokoak eta webguneak sortzeko programazio-tailerrak eskainiko dira ume eta gaztetxoei (8-16 urte).

Bestalde, udalerrietako ikastetxeekin elkarlanean, ikasleen proiektu teknologikoen aurkezpenak ere egingo dira. Topaketak ere antolatu dira herri bakoitzean ezagupen digitala eta teknologikoa lantzen duten elkarteekin.

Topaketa eta bilkura horietan parte hartzen duten haur, nerabe, gazte, guraso eta hezitzaileen artean GFAk zibersegurtasuna lantzeko prestatu duen material didaktikoa zabalduko da.

Egunaren bukaeran, 20.00etan, 8Gb-ko eta konektore bikoitzak dituzten 3 pendrive zozketatuko dira egunean zehar parte hartu duten pertsonen artean.

Aste honen helburua, gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea da. Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, eta baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko.