Eduki publikatzailea
Atzealdea

KUTXA FUNDAZIOAREN ETA ZUMARRAGAKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA.

Gaur eguerdian sinatu dute lankidetza-hitzarmena Kutxa Fundazioak eta Zumarragako Udalak.

2019·02·07


Fundazioak 8.076,27 €ko diru-laguntza eman dio Udalari, Baratze Parke Sarea proiektura batzeko asmoz. Parkea Kutxagestión Zerbitzuak kudeatuko du, zeinak Gipuzkoako hainbat udalerritan baratze ekologikoen parke publikoak osatzea duen helburu.

Sinaduraren ekitaldian, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioren zuzendaria eta Mikel Serrano alkatea izan dira. Adostutakoaren arabera, 30m2-ko 43 baratze egingo dituzte.

Bertan azaldu dutenez, Baratze Parkeak barazkiak era ekologikoan hazteko aukera eskainiko du. Horretaz gain, aisialdi aktiborako topagunea ere izango da: hau da, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatuko duen gune berdea. Bertan, belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera izango da, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz. Bestalde, aipatu beharra dago, lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiliko direla: lurraren fruituak, baratzen laborantzak emanak, norberaren kontsumorako izango dira, inolako etekin ekonomikorik jasotzeko aukerarik gabe.

Baratzeak martxan jartzen direnean, Udalari zein baratzekideei zerbitzu ezberdinak eskainiko zaizkie. Alde batetik, baratzezaintzaren oinarriak ikasteko ikastaroa, baratzeen egoeraren jarraipenak, tailer praktikoak eta ekitaldiak, eta, bestetik, baratzetarako material desberdinak: konposta eta egituratzailea (GHKri esker), erremintak (Bellota-ri esker) e.a. Gainera, hilero Furgobaratza hurbilduko da eta Sareko teknikariak laguntza eskainiko die baratzean sortzen zaizkien zalantza eta arazoei aurre egiteko.

Proiektu honen lanetan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumarragako Udala batera ari dira. Obraren zuzendaritza Udalak bere gain hartzen du, eta inbertsioa 228.184 €koa da, eta, lanak gauzatzeko, sei hilabeteko epea aurreikusten da. Lanak eragingo duen lursail horretan, hainbat erabilera ezberdin aurreikusten dira: aisialdirako baratze eremua, zakurrentzako parkea, bertako landaretza potentziala sustatuko duen arnasgunea eta ohiko parkea.

Ekainerako proiektua amaituta egotea aurreikusten da eta laster irekiko da bertan izena emateko epea.