Eduki publikatzailea
Atzealdea

Zumarragak “Gure txutxu-mutxuak” jarri du martxan: herriaren gainean kontaketa kolektiboa sortu nahi duen proiektua.

Iniziatiba honek Zumarragako dibertsitatetik topaketak eta elkarrizketa-espazioak sortzea bilatzen du, eguneroko istorioak partekatzeko helburuarekin.

2019·11·12


Hala, 2019ko azarotik 2020ko erdialdera arte, topaketa eta elkarrizketa-espazio ezberdinak martxan jarriko dira eguneroko historiak sortu ahal izateko. Aurreikusitako ekintzen artean: elkarrizketak, tailerrak eta kaleko akzioak daude. Horien bitartez, anekdotak, argazkiak, marrazkiak, adierazpen artistikoak, kantak, istorioak, eta abar bildu nahi dira.

Memoria kolektiboa lantzen duen ariketa horri esker, konfiantza eta enpatia sortzeaz aparte, komunitate loturak indartu nahi dira, betiere, herri adeitsuago eta inklusiboagoa sustatzea helburu izanik. Hori lortu ahal izateko, hiru ardatz nagusi landuko dira:

  • Kultura. Zumarraga mestizaje herria dela zabaldu eta ideia sakondu. Ardatz horrek bertan bizi diren kultura ezberdin guztiei balioa eman nahi die, kontuan hartuz, kulturen artean eman diren uztartzeak.
  • Migrazioak. Historikoki, Zumarraga harrera-leku bat izan da, horregatik, interesgarria da lehen eta bigarren generazioko emigranteen artean eman ahal diren elkarrizketetan begirada jartzea.
  • Lana. Zumarragan lan-esparru desberdinak batera bizi izan dira denbora luzez, betiere, une historikoaren arabera, sektore batzuk besteak baino garrantzia gehiago izan dute. Hori dela-eta, bertako lan munduan zehar ibilbidea egitea bilatzen da, nekazaritza, industria, zainketak eta zerbitzuak kontuan hartuz.

Hiru ardatz horien identifikazioa Gizarte Zerbitzuetatik egin diren bi ikerketei esker eman da. Bertan, zainketa krisiak eta krisi industrialak sortu dituzten ondorioez aparte, horiek gainditzeko proposamenak aurkeztu dira. Alde batetik, Diagnóstico de Diversidad Social y Vulnerabilidad, Parte Hartuz (UPV/EHU) taldeak sortutakoa, eta beste aldetik, Construyendo propuestas hacia un modelo social sustentado en los cuidados comunitarios informea Aradia kooperatibak sortutakoa.

Proiekturako sortutako blog-ean informazio gehiago aurkitu dezakezue: https://guretxutxumutxuak.blogspot.com/