Eduki publikatzailea
Atzealdea

ZUMARRAGAKO UDALAK ARGIXAO INDUSTRIA POLIGONOAREN BERRESKURAPEN ETA HOBEKUNTZA OBREKIN JARRAITZEN DU

Obrak maiatzean hasi ziren, eta irailean bukatuko direla aurreikusten da.

2019·07·23


Lan hori Lurkide Hondalanak S.A. enpresari esleitu zitzaion 200.731,40 €ko aurrekontuarekin. Udalak, aurrekontu horren %40ko diru laguntza jasoko du SPRI-rengandik, eta gainontzekoa bere gain hartuko du.

 

Orain arte, honako lan hauek egin dira:

 

- Lorezaintzari dagokionez, poligonoaren 1. fasearen eta J.M. Barandiaran auzoaren arteko partzelan zeuden hormigoizko zimentuak kendu dira. Eremu horretan, landare-lurra bota ondoren, alde batetik, lizarrak landatu dira, poligonoaren eta etxebizitzen artean, soinu pantaila efektua lortzeko; eta bestetik, ezkiak, toki maldatsuenean, sustraien bitartez lurra eutsi dezaten.

 

- Zona horretan bertan, Goiko Txabolara doan bidetik industrialdearako sarrera-bide berria izango dena hondeatu da. Sarrera hori, dagoeneko, erabiltzen ari dira; nahiz eta oraindik asfaltatu gabe egon.

 

- Eitza eta Agrymin tailerren aurrealdean kokatutako ezponda perfilatzeaz gain, bertako arekak eta sumideroak ere garbitu egin dira, euri-urak modu egoki batean jaso ahal izateko.

 

- Rozalma eta Agrymin enpresen artean dagoen -eta parking nagusira daramaten eskaileretara doan- espaloian, drainatze-kanal bat egin da bidearen luzera osoan zehar. Horrek ura modu egoki batean bideratzea ahalbidetuko du, horrela, putzuen eraketa saihestuz.

 

- Poligono osoan zehar beharrezkoak ziren hidrante guztiak ere kolokatu dira; eta Zuman edo Suarez tailerren atzetik hirugarren fasera doan oinezkoentzako bidea hormigoiz osatu da.

 

Gaur-gaurkoz, obra aurrera doa parking nagusian, kotxeentzat, sarrera berri bat egiten ari gara, eta proiektuan markatutako areka eta espaloiak erreparatzen ere bai.