Nabigazioa

Web edukia bistaratu

Antio elizaz gain, Zumarragak beste eraikin interesgarri batzuk baditu:

Andre Maria Jasokundekoaren parrokia

Eliza hau hainbat fasetan eraiki zuten. 1576an hasi ziren, urte horretan erresumako goi-mailako agintariek parrokia ibarrera jaistea erabaki zuten, lehenagokoa -Antio- Beloki mendiko mazeletan baitzegoen. Parrokia haran hondora jaitsi nahi horrek auzi bat eragin zuen eta honek, dudarik gabe, zumarragarrak bi aldetan banatu zituen.

Auzi horren bidez, Zumarragan zeuden bi multzo edo talde horiek zeuzkaten interesak ikus ditzakegu. Alde batetik, baserrietan bizi ziren biztanleek parroki eliza mendian eta etxetik gertu mantendu nahi zuten. Hauek Lazkaoko Jaunaren sostengua izan zuten azken honek ez baitzuen mendian zegoen parrokia-elizaren gaineko boterea galdu nahi. Bestetik, ibaitik gertu zeuden biztanleek parroki eliza gertu izan nahi zuten.

Parrokia-eliza ibarrera jaisteko erabakia hartuta zegoenean, Lazkaoko Jaunak bere antzinako eskubideak tenplu berriaren gainean izatea eskatu eta lortu zuen.

Mende bat inguru iraun zuten lanek eta 1667an parrokia berria inauguratu ahal izan zuten.

Arkitekturari dagokionez, eliza aberatsa da oso. Dena den, kantoiak harlanduz eta hormatalak harlangaitzez egin zituzten.

Errenazimendu estilokoa da, areto oinplanoaz eta altuera berdineko hiru nabez ostaturik dagoena. Horien estalgarri dira gurutzeria-gangak, fuste biribila eta zaldi-obazko kapitel dorikoak dituzten zutabeak ditu euskarri. Oinplanoa errektangeluarra da eta abside poligonala du.

Horretaz gain, elizaren mutur batean kokatuta dagoen Ate nagusiaren estiloa barroko klasizista da. Bertara heltzeko bidea XIX. mendean egindako arkupe eder batek estaltzen digu, erdi-puntuko arkuak dituena bermegune. Arkupeek ebanjelioaren aurrealdea eta alboa zeharkatzen dituzte.

XVIII. mendean eraikitako dorrea eraikuntzari ezkerraldetik atxikitzen zaio. Hortaz, tenpluan, estruktura bertikala nagusitzen da horizontalaren aldean. Dorrearen oinplanoa lauki itxurakoa da, eta gorputz oktogonal bat gainjartzen zaio. Gainean, kupula bat dago kanpaiak estaliz.

San Gregorio eliza

1540. urtean zutik zegoen. Lehenengo mendeetan Santa Engracia izenez ezagutzen zuten, baina XVIII. mendean San Gregorio izenaz deitzen hasi ziren. Ordutik hona, azkeneko izen horrekin ezagutzen dugu.

Bi isurialdeko teilatua duen oinplano angeluzuzeneko tenplua da. Bistako harri-hormaz egina dago, tenpluko oinetan kokatua dagoen murrua izan ezik, harri-hormaz eta adreiluz egina baitago. Albo batean arkupea dugu, zurezko egitura batez egina, eta pilastra batzuk euskarritzat dituena. Albo horretan dobelaz osatutako ate bat dago.

Barnealdea hiru nabek osatzen dute, alde banatan hiru pilastrako bi ilara daudelarik. Epistolak bost bao ditu.

San Kristobal eliza

1540. urtean eraikia zegoen eta Aranburu baserri-auzoan kokaturik zeuden baserrietako biztanleek beren eguneroko otoitzetarako erabiltzen zuten (igandeak eta jai nagusietan parrokia-elizara joan behar zuten).

Oinplano angeluzuzeneko tenplua da eta bi isurialdeko teilatua du.

Harlangaitzez eraikita dago eta tenpluaren izkinak edo ezkantzuak harlanduez egituratzen dira. Ermita erainkuntza soila da, ornamentazio gutxikoa eta ekialderantz zuzentzen dena.

XVII. mendeko trapezio itxurako egurrezko ganga bat dago. Bera urdin kolorekoa zen eta bere koloreagatik zerua izendatzen zaio. Bestalde, guadameci (aldarearen estaldura) eder bat ere badauka.

Aginako San Martin parrokia-eliza

1540an zutik zegoen. Zumarragako eta Azkoitiko biztanleek erabiltzen zuten. Nahiz eta 1989. urtera arte eremu zibilean Azkoitia herriaren menpe egon, historian zehar erlijio-gaietarako Zumarragako parroki elizaren mendean zegoen.

1881ean Gasteizko gotzaindegiak egin zuen parroki berrantolaketaren ondorioz landa-parrokia bihurtu zen. Egun, eta 1980 urteaz geroztik, herri landa-parrokia hori Urretxuko Aita Pasiotarren menpe dago.

Oinplano errektangeluarreko eraikuntza da, zeinak elizaren oinaldean korua duen eta zurezko gangez estaltzen den. Ermitari atxikita, gaur egun erabiltzen ez diren eskola eta aurretik han bizi izandako parrokoen etxea daude.

Salbatore parrokia

Zumarragaren bigarren parrokia-eliza da.

Berez, parrokia 1971ko urriaren 26an promulgatutako gotzain-dekretuaren bidez jarri zen. Harrezkero, behin-behineko egoitza batzuk izan ditu behin betikoa izan arte. Azken honen parroki lanak XXI. mendearen lehenengo urteetan hasi ziren.

Eraikina Iñigo Guibert de Encio arkitektoaren lana da. Hiru solairuz osatzen da, horietako bat erdi-sotoa da. Kanpandorrea ere badu.
Eraikina bistako adreiluzko akabera du. Bestalde, ospatze eremua oso argitsua da batik bat tenpluak duen beirate handiagatik.

Mertzedarien komentuko Eliza

1930ean eraikitako eliza honek estilo modernoa du. Fatxada nagusia arku zorrotz handi batez egituratzen da. Sartzeko arkupeak, aldiz, hiru arku beheratu ditu; hauetan bereizgarri dira goialdean dauden pinakulu neogotikoak.

Oinplano karratuko dorre bat du atxikita, honek ere erremate gisa pinakulu neogotikoak dituelarik.

Hormak estaltzeko erabili den materialak, elizari sinpletasun dotorea ematen dio. Bestalde, barnealdean ere sinpletasuna nagusitzen da, lerro zuzenen bidez efektu artistiko paregabea lortzen delarik.