Nabigazioa

Web edukia bistaratu

Herriko armarria

Armarria egiteko agindua 1764koa da. Urte horretan Zumarragako agintariek Gortean lan egiten zuen Rey de Armas deritzan enplegatuari armarria egiteko marrazkia eskatu zioten. Gortetik etorritako irudia harriz egin eta udaletxeko horma nagusian kokatu zuten.

Irudiak zumar bat erakusten du, eta alde banatan gurutze bat. Zuhaizpean urrezko hiru barra eremu urdinean.

Gaur egun jatorrizko armarria idulki handi batean dago jarrita, Nafarroako Enparantzan, udaletxe zaharra bota zutenean inguru horretan sortutako enparantzan, hain zuzen ere.

"Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua"

Estatua hauek sinboloak dira, eta hilerriko kriptaren presentzia asaldatzaile iluna apaintzen dute. Vicente Larrea eskultoreak ahalegin plastiko bikaina egin digu proportzioei, kokapenari, mugimenduei eta Aingeruaren beraren irudiaren karakterizazioari dagokienean, betiere gaur-gaurko sentikortasunetik interpretatu baititu alderdi horiek guztiak. Irudi hauetan bi esanahi uztartzen dira: Aingerua bera eta kokagune duen heriotza ingurua.

Heriotzaren Aingerua eskultura erabatekoa, Aingeru baten irudikapen librea da, baina Aingeru izateari utzi gabe. Hauxe izan da Larreak giza irudi oso bati heltzen dion lehen aldia, hegoen ukitu eskatologikoaz heldu ere. Lodiera berdina duen xafla batez eginda dago tolesdura, hutsune eta ganbilgunez estatuaren gorputzari itxura eman zaiolarik; edota, beharbada, gorputz horren alderdi ukigarriari, zeren eta irudia inguratzen duen hutsunea bera ere haren osagarri da. Hortaz, xaflak eta bere hutsuneak osaturiko fikziozko bolumenak eratzen du irudia. Zeharo irudi barrokoa da esangurari dagokionean.

Migel López de Legazpiren estatua

Harrizko idulki baten gainean kokatutako brontzezko estatua, Aniceto Marinas eskultoreak egin eta 1897ko urriaren 2an inauguratua, helburu honexekin herrian antolatutako festen baitan.

Eraikuntza lanek eragindako gastuak ordaintzeko, erregeordeaz gain, 2.500 pezeta jarri zituzten herri erakundeek eta Zumarragako partikular askok, inolako irabazi asmorik gabe beren ekarpena egin zutelarik.

Estilo figuratiboa du, eta gizon katoliko eta kolonizatzailea erakusten digu, haren sasoirik onenean erakutsi ere. Idolo bat ari da zapaltzen (maskara edo mozorro bat du hankapean).

Ignacio Busca Sagastizabalen bustoa

Zumarragako alkate izandako musika konpositore honen izena daraman auzoan dago bustoa.

Gure herritik kanpo eta Nazioarteko XXII. Biltzarraren himno eukaristikoa, "Cantemos al amor de los amores, cantemos al Señor" hura, konposatu zuelarik ospea izan zuen. Gizon heldua erakusten digu irudiak era figuratiboan.

Beste hainbat koru-konposizio ere utzi zizkigun eta gaur egun euskal orfeoien errepertorioetan diraute bizirik. "Bi eusko abesti" azpimarra dezakegu.

Pilotari

Burdinazko eskultura librea, harrizko idulki baten gainean jarria. Migel Anjel Lertxundi eskultore ondarrutarraren lana da.

Eskulturaren artea lerroen sinpletasunean nabarmentzen da fakzioen abstrakzioa duelarik lagun. Azalpenik onena kokagunea bera da: pilotalekua alegia. Kokaguneak duen sinbologiaz gain, azpimarratzekoa da irudikatzen duen unea eskua pilotakada ematen ari delarik.

Goruntz

Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina. Hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, berrogeita hamar zentimetrotik metro bat eta hamar zentimetrora doana. Obra bertikala da, kokatuta dagoen tokitik, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzatik, ezinbestez igarotzen diren ibilgailuei eragozpenik ez eragiteko propio diseinatua. Obraren presentzia bera indartu egiten da kokapen berezi-berezi horretan.

Obrak goiko aldean erakusten duen ebaki sakonak kontraste handia egiten du oinarriarekin, eta egonkortasuna sekula galtzen ez duen arren, ikusten ari garenean hauskortasun sentsazioa eragiten digu, edozein unetan lurrera eror daitekeela pentsa daitekeelarik. Beharbada, kokatu behar zuten enparantza eta toki geografikoari buruzko berri zehatzak eskuratu ondoren, bat egindako herri bien arteko harremanak gogora ditzakeen obra baten sinbologia eta esanahia izan zituen egileak kontuan.

Itziar

Jorge Oteizaren eskultura, poliedroz osatua; lau metro garai eta bost metro luze dituena. Sei tonako pisuaz, eta hiru milimetro lodiko xaflaz eginda dago. Eskulturak Oteizaren emaztearen izena du, Itziar Carreño baitzen, eta 1959ko proiektu baten arabera eraikia dago. Oteizak berak esan zuen bezala, eskulturaren alde eta hutsuneek sortarazten duten argi-itzalen jokoa da nabarmentzekoa, tontor eta sakonguneekin; Gipuzkoako paisaia adierazten digu, herri, haran eta ibaiekin. Monumentala den arren, arintasun eta lebitazio sentsazioa ere ematen du.

Txistulariari omenaldia

Jesus Segurolaren eskultura da. “Argizari galdua” prozesuaren bidez galdatutako brontze patinatuz landua dago. Markinako harri mutxardatuz eginiko oinarria du azpian.

Lanak osotasunean lau metro eta erdiko neurria dauka (eskultura bera bi metro eta berrogeita lau zentimetro da). Trenbideko “lubaki”aren gainean dago kokatuta. 2003ko ekainaren 14an inauguratua, txistulariaren berezko elementuak era monumentalean azpimarratu nahi ditu: txapela, txistua eta danbolina.

Oinarrian, Euskal Herriko armarriak ditu.

Aizkolariari omenaldia

2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago. Hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan (Agina) kokatuta dago, eta aizkolari guztien omenez bada ere, bereziki auzo horretan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu, Agineta-ri eskainia da. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zen.

Zumarragako trikitixari omenaldia

Antonio Oteizaren eskultura espresionista, brontzez egina. 1,80 metroko garaiera du, eta Elizkaleko biribilgunearen erdian dago kokatuta, toki benetan enblematikoan. Izan ere, bertan sortu zen 1920an Zumarragako Trikitixa taldea. 2004ko abenduaren 12an inauguratu zen.

Bi irudi ageri dira: bata trikitixarekin ari da eta bestea panderoarekin.

Nahiz eta formalki eskultura figuratiboa eta eskematikoa dirudien, oinek ez dute inolako mugimendu sentsaziorik adierazten.

Jira-Bira: Lurrak gure Lurrean

Ezkio-Itsasoko Pott zeramika lantegian egindako eskultura multzoa. 6 metroko garaiera duten bi figura estilizatuk osatzen dute, eta horietako bakoitza ardatz bertikal batean txertatutako piezetan banatzen da.

Bizi garen LUR honi buruzko gogoeta da; Lurraren biluztasunari, hauskortasunari, indarrari eta hura transformatzeak duen eraginari buruzko gogoeta. Mugikortasunean oinarritzen da obra, eta hori kontraesana da eskulturaren piezek duten mugikortasun ezagatik. Hain zuzen ere, ingurunea eta ikuslea dira etengabeko mugimenduan dabiltzanak eta horiek dira LURRAK GURE LURREAN lanari zentzua ematen diotenak. 2006ko maiatzaren 14an inauguratu zen.