Publicador de contenidos

Atrás JUAN NARBARTE BARANDIARANEN 'MENDIA' LANAK IRABAZI DU URRETXU ETA ZUMARRAGAKO XXXI. PINTURA LEHIAKETA

Urriaren 8ko sari banaketak une hunkigarriak utzi ditu, irabazlea bere lana lehiaketara aurkeztu zuen egun berean hil baitzen. Guztira 42 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora

09·10·2026


Urretxu eta Zumarragako udalek antolatutako XXXI. Pintura Lehiaketako sariak banatu zituzten urriaren 8an, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. 1989an abian jarritako lehiaketa bi urtez behin egiten da gaur egun, eta hainbat jatorritako artisten lanak biltzen ditu.

Lehen saria Juan Narbarte Barandiaran beasaindarraren Mendia lanak eskuratu du. Bigarren saria María Begoña Pascual Rubio artistaren Atardecer en el lago lanarentzat izan da, eta herriko lan onenaren saria Elixabete Mendia Aranguren artistaren Itsasoari begira lanak jaso du. Epaimahaia Aitor Etxeberriak, Aitor Sarasketak eta Ana Cabezas-ek osatu dute. Zumarragako alkate Mikel Serrano arduratu zen sariak banatzeaz.

Aurtengo sari banaketak kutsu bereziki hunkigarria izan du. Juan Narbarte irailaren 14an hil zen, saritutako lana lehiaketara aurkeztu zuen egun berean. Lehiaketako lanak modu anonimoan aurkezten dira, egileen izenik gabe eta lelo baten bidez identifikatuta. Hori dela eta, epaimahaiak egileen nortasuna ezagutu gabe hartu zuen erabakia.

Haren senideek jaso zuten saria, eta Xabier Narbarte anaiak eskainitako bertsoek artistaren oroimenerako une berezia sortu zuten.

Lehiaketara aurkeztutako lanak urriaren 17ra arte egongo dira ikusgai Zelai Arizti kultur etxean, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:30era; larunbatetan, 10:00etatik 13:30era.