Eduki publikatzailea
Atzealdea “AROZ ARO” EGITASMOAREN MAIATZ-EKAINERAKO ESKAINTZA AURKEZTU DUTE URRETXU ETA ZUMARRAGAKO EUSKARA ZERBITZUEK
2026·05·12

Urretxu eta Zumarragako Euskara Zerbitzuek “Aroz Aro” egitasmoaren udaberriko eskaintza aurkeztu zuten atzo Zelai Arizti kultur etxean. Prentsaurrekoan parte hartu dute Alex Gonzalez Urretxuko Udaleko Euskara batzordeburuak, Josu Idigoras Zumarragako Udaleko Euskara batzordeburuak eta Andoni Imaz eta Gorka Erostarbe Kale Gorrian elkarteko ordezkariek.
2035erako Euskara Plan Estrategikoa azken momentu parte-hartzailera iritsi da
Aurkezpenean gogorarazi dute urtarrilean abiatu zutela 2035era begirako Euskara Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesua, eta herritarren parte-hartzea eskertu dute; izan ere, 500 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, gehienek galdetegia betez. Prozesuari amaiera emateko, azken saio parte-hartzailea egingo dute maiatzaren 20an, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara, Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian. Saioa herritar guztiei irekia izango da, euskara maila edozein dela ere, hurrengo bederatzi urteetarako plana herritarrekin eraiki nahi baita.
Gazteen proposamenetik sortutako sukaldaritza lehiaketa
Neguan DBH4ko ikasleekin egindako entzute prozesutik hainbat proposamen jaso zituzten Euskara Zerbitzuek, eta horietako bat izango da udaberriko berrikuntza nagusietako bat: sukaldaritza lehiaketa. Maiatzaren 29an egingo dute, ostirala, Urretxuko Gernikako Arbola plazako karpan, eta Mikel Garaizabal sukaldariak gidatuko du. Lehiaketa DBH3 eta DBH4ko gazteei zuzenduta dago.
“Auzomira” egitasmoa, ekainaren erdialdean
Kale Gorrian elkartearekin elkarlanean, “Auzomira” kultur egitaraua antolatu dute ekainaren 12tik 14ra. Asteburuan zinema, musika eta literatura uztartuko dituzte hainbat ekitalditan.
Egitaraua ekainaren 12an hasiko da Zineklub Butaka 21ekin elkarlanean “Cambium” eta “Zirraize” erdimetraien emanaldiarekin. Bertan, egileekin solasaldia izango da. Ekainaren 13an, Broken Brothers Brass Band taldearen kale emanaldia izango da Eitzagatik Areizaga-Kalebarren plazaraino (eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan). Eta ekainaren 14an, “Auzokinak” errezitaldi musikatua eskainiko dute Gorka Erostarbek, Morauek, Ojanek, Isuok eta Txostek plazako arkupe itxietan.
Begirale titulua euskaraz atera dutenentzako dirulaguntza
Bi udaletako Euskara Zerbitzuek martxan dituzte dagoeneko urteko dirulaguntzak. Merkatarientzako, kirol elkarteentzako eta euskara ikasten ari diren herritarrentzako laguntzez gain, aurten bereziki nabarmendu dute aisialdiko begirale titulua euskaraz ateratzen dutenentzako dirulaguntza: azken bi urteetan titulua euskaraz eskuratu dutenek ikastaroaren %50eko laguntza jaso ahal izango dute.
Hainbat hitzordu
Bestalde, euskarazko literatura taldeak maiatzaren 30ean egingo du Goierriko irakurle taldeekin batera topaketa Seguran, Katixa Agirreren “Barne zerbitzuak” liburua hizpide hartuta.
Mintzalagun egitasmoko parte-hartzaileek ere ikasturte amaierako ekitaldia egingo dute maiatzaren 28an Gure Txoko tabernan.
Azkenik, Kultur Zerbitzuak helduentzako antzerki emanaldia antolatu du ekainaren 5erako: Jon Ander Urrestiren “Kolapsoa” obra izango da ikusgai Zelai Arizti antzokian.
Horrekin guztiarekin, euskara batzordeburuek gogorarazi dute
bi udaletako euskara zerbitzuetako ateak zabalik daudela edozein zalantza edota proposamen jaso eta aztertzeko. Hemen Zumarragakoa:
Euskara Zerbitzua
943729153
Zumarragako udaletxean
Hori horrela, bertaratuei eskerrak emanaz, eta herritarrei Neguko Aroz Aro eskainiz amaitu da prentsaurrekoa.

