Eduki publikatzailea
Atzealdea "AUZOA DISFRUTATU": ZUMARRAGAK BIZITZA KOMUNITARIOA INDARTU NAHI DU GOIKO AUZOETAN, ADIN GUZTIETARAKO JARDUEREN BIDEZ
2025·05·14
Zumarragako Udalak, herritarren ongizatearekin konprometituta, urrats sendoak ematen jarraitzen du gaur egungo erronka sozial eta demografikoei aurre egiteko, hala nola zahartzeari eta nahi gabeko bakardadeari. Ildo horretan, 2021ean martxan jarritako Elkarzainduz I. Esku-hartze Komunitarioko Planaren eta Tau-Taupadak proiektuaren baitan, berrikuntza sozialeko prozesu bat garatu da azken hilabeteetan udalerriko goiko auzoetan: Leturiatarrak, Argixao, Izazpi, Antonino Oraá, Elgarrestamendi, Busca Isusi, Iparhaizea eta Barandiaran.
Helburua argia izan da: auzoko parte-hartze txikiaren arrazoiak ulertzea eta bizitza komunitarioa indartuko duten dinamika berriak bultzatzea. Elkarrizketa, entzute aktiboa eta saio parte-hartzaileen bidez, hiru lehentasun nagusi identifikatu dira: nahi gabeko bakardadea, hildakoen dolua eta auzokideen arteko loturak berpiztuko dituzten jarduera berrien beharra.
EBko Next Generation funtsetako BEEPen finantziazioaren bidez egin zen prozesu horren emaitzaz, auzotar, elkarte, merkataritza eta osasun arloko profesionalekin batera, talde eragile bat osatu da, eta horrek diseinatu du “Auzoa Disfrutatu” izeneko egitaraua: jarduera ludiko, ireki eta belaunaldiartekoak uztartzen dituen programa bat, maiatzaren 21etik ekainaren 1era egingo dena Mendizabal poligonoan.
Elkarrekin partekatzeko, gozatzeko eta komunitatea indartzeko programa
Maiatzaren 24an, larunbata, El Salvador Zentroak dantza eta sevillana erakustaldi bat hartuko du 18:00etan, eta igandean, maiatzaren 25ean, auzotar-dantza bat egingo da Izazpiko kantxan, El Salvador Elkartearen dinamizazioarekin.
Maiatzaren 31n, larunbata, jarduera egutegiaren egun nagusia izango da, 11:00etatik 13:30era eskulanen jardunaldi belaunaldiartekoarekin: bolilloak, patchwork-a, txapak, henna eta ikusmen-gabetasunaren inguruko sentsibilizazio erronka bat egingo dira.
13:00etan “Munduko Arrozak” herri-bazkaria hasiko da, non auzoko hainbat pertsonak jatorri desberdinetako arroz-errezetak partekatuko dituzten. Bazkarirako txartelak aurrez jaso ahal izango dira hiru guneetan: Zelai Ariztin, El Salvador Zentroan eta Alhijra mezkitan.
Arratsaldea auzoko bingoarekin hasiko da 15:30ean, Gure Txoko eta El Salvador elkarteek antolatuta. Bingo eta Lineako irabazleek ATA harategiak prestatutako sorta bat jasoko dute. Jarraian, Sapali Perkusio Taldearen Senegalgo dantzen ikuskizuna izango da, 16:30ean.
Ekainaren 1ean, igandea, izango da egitarauaren azken eguna, Izazpiko kantxa estalian. 11:00etatik 14:00etara, JOLASENEA taldeak dinamizatutako mahai-jokoen goiza izango da, eta 18:30ean auzo-zinema saioa: “Nire laguna, Pingüinoa” filmaren doako emanaldia egingo da, Palomitekin lagunduta.
Herritar guztiak gonbidatuta daude
Zumarragako alkate Mikel Serranok eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Arantxa Gonzalezek dei egin diete auzoko zein udalerriko gainerako bizilagunei programa honetan parte hartzera. Auzoa Disfrutatu bizilagunekin partekatzeko, gozatzeko eta auzoko harremanak sendotzeko gonbidapena da, elkartasunetik, dibertsitatetik eta auzotasunetik abiatuta.
Egitaraua Udalaren komunikazio-kanaletan zabalduko da (webgunea, sare sozialak eta prentsan), eta komunikazio hurbil eta eraginkorra bermatzeko, kartel bidez eta postontzietara egitaraua banatuz osatuko da.