Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Euskaraz barra-barra’ (E//) identifikagarri bateratua Urola Garaian ere zabalduko dute mankomunitateko udalek

Identifikagarri berriak, Euskal Herri osoko establezimenduetan ikusi ahalko dira eta dendari-ostalariek euskaraz ulertzen dutela bermatuko, hartara bezeroek lasai euskaraz egin dezaten.

2023·11·22


Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren ekimenarekin bat egin dute Urola Garaiko Mankomunitateko udalek. Euskal Herri osoko 62 udal dira guztira Euskaraz barra-barra identifikagarri bateratuaren lehen kanpaina honetan parte hartuko dutenak, eta tartean dira Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio-Itsasoko Udalak. Joan den azaroaren 17an, prentsaurrekoa eskaini dute, Jon Luqui Albisua Urola Garaiko Mankomunitateko Presidenteak, udaletako zinegotziek eta teknikariek eta Bitartean eta Ilinti merkatari elkarteetako teknikariek eta ordezkariek.

Euskaraz barrabarra ikurrak denda horretan bezeroak euskaraz egin dezakeela adieraziko du. Hori dela-eta, eskuratu ahal izateko langile guztiek euskara ulertzea izango da baldintza, bezeroak hizkuntza aldatu beharrik gabe.

Urola Garaira ekartzeko, udaletako sailak elkarlanean aritu dira. Lanketa orokorra elkarlanean egiten ari badira ere, udal bakoitzeko Euskara Saila arduratuko da bere eremuko merkatari-ostalarien artean identifikagarria zabaltzeaz.

Baldintzak betez gero, establezimenduko arduradunak udalak helaraziko dion konpromiso agiri labur eta argi bat sinatu beharko du, enpresaren datuekin. Ordutik aurrera, identifikagarria emango dio udalak, eta mantendu ahal izango du baldintza betetzen duen bitartean. 

Informazio gehiago:  https://euskarazbarrabarra.eus/

Euskara Zerbitzuak

Zumarragako Udala

943 729 022 – 182

euskaradinamizatzailea@zumarraga.eus