Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘HUTSUNE HANDI BAT’, 80-90EKO HAMARKADAN HEROINAK ETA HIESAK ZUMARRAGAN ETA URRETXUN ERAGINDAKO 115 HERIOTZAK ETA SUNTSITUTAKO MILAKA BIZITZAK GOGORARAZTEN DITUEN DOKUMENTALA

Proiektua Anne Zufiaurren gradu amaierako lanetik sortu da, eta Alex Areizagak zuzendu du. Zumarragako Zelai Arizti aretoan emango da datorren martxoaren 12an, urte haietan berebiziko lana egin zuten lau pertsona omentzeko ekitaldiaren barruan.

2026·02·27


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Zumarragako Udalak prentsaurrekoan aurkeztu dute ‘Hutsune handi bat’ dokumentala. Ideia Anne Zufiaurrena izan zen eta berak jarri du ahotsa; zuzendari lanak, berriz, Alex Areizagak egin ditu. Ikus-entzunezko lan honek Gipuzkoako historia berriko kapitulu latzenetako batean jartzen du arreta: heroinaren eta HIESaren eragina 80ko eta 90eko hamarkadetan. Epidemia soziosanitario horrek 115 gazte hil zituen soilik Zumarragan eta Urretxun, eta 16 eta 30 urte bitarteko milaka gazteren bizitza suntsitu zuen. Dokumentala datorren martxoaren 12an estreinatuko da, 18:00ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan, hausnarketa, aintzatespena eta memoria kolektiboa uztartuko dituen ekitaldi publiko batean.

Dokumentalak Anne Zufiaurrek 2018an Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen gradu amaierako lana, "Heroina eta HIESa Zumarragan eta Urretxun 80-90 urteetan", du oinarri. Lan akademiko hark ohorezko matrikula lortu zuen eta dokumental formatuan ikerketa zabalago bat egiteko abiapuntua izan zen.

Horretarako, Zufiaur Gattiken ekoizpen etxearekin jarri zen harremanetan, eta, urte horretan bertan, proiektuak 8.500 euroko laguntza jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentutik hurbileko kultura sorkuntza sustatzeko Tokiko lerroaren bidez.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak nabarmendu duenez, "garrantzitsua da erakunde publikook horrelako laguntza lerroak izatea, sortzaileei aukera ematen baitiete ideia bat –kasu honetan, unibertsitate eremuan sortua– kultura proiektu sendo eta gizarte inpaktua izango duena bihurtzeko". "Dokumental honek erakusten du laguntza publikoak ez direla berez helburu bat, baizik eta tresna bat, gure memoria kolektiboa berreraikitzen, gure iragana ulertzen eta, kulturatik abiatuta, gure gizartean oraindik ere agerian dauden zauriei aurre egiten laguntzen diguten lanak gauzatu ahal izateko", azpimarratu du Álvarezek.

Bestalde, Mikel Serranok adierazi duenez, lan honek "bizilagunekin zor historiko bat kitatu nahi du, era guztietako mina aitortu, eta bere kabuz orbaindu zuen eta 40 urte geroago tabua izaten jarraitzen duen zauri ireki bati ahotsa eman nahi dio".

Memoria ariketa kolektibo bat

‘Hutsune handi bat’ dokumentalak bi herrietako bizilagunen testigantzak jasotzen ditu, bai eta urte haietan gaixoei eta familiei laguntza eman zieten mediku, profesional eta adituenak ere. Kontakizun horien bidez, lanak arazoa humanizatu eta belaunaldi oso batean izan zuen inpaktua dimentsionatu nahi du.

Lanak memoria ariketa kolektibo bat eta leiho bat izan nahi du, hamarkadetan isilik egon den mina askatzeko. Izan ere, sustatzaileek azpimarratzen dutenez, heroina eta HIESa ez ziren soilik arazo indibidual edo intimo bat izan, gizarte osoari eragin zion fenomeno kolektibo bat baizik.

Martxoaren 12ko aurkezpena mahai-inguru batekin hasiko da. Bertan izango dira,  Anne Zufiaur, Alex Areizaga dokumentalaren zuzendaria, Goizane Álvarez Kulturako diputatua, Arantxa González udal ordezkaria, eta Amaia Izaola EHUko Soziologiako doktorea. Topaketak aukera emango du lana testuinguruan kokatzeko eta fenomenoaren dimentsio sozialari buruz hausnarketa egiteko.

Mahai-ingurua bukatzen denean, Zumarragako Udalak omenaldi publikoa egingo die José Ignacio Munillari, Faustino Villanueva PPko zinegotzi ohi eta Zumarragako Gizakia Helburu proiektuaren sustatzaileari eta Eva Romero udaleko gizarte langileari, duela hiru hamarkada kaltetuei eta haien familiei laguntzeko egindako lana aitortzeko.

Ondoren, dokumentala emango da, eta, amaitzen denean, ikusleekin hitz egiteko tarte bat izango da, mokadutxo bat hartzen duten bitartean.

Sarrerak Zelai Arizti zineman erosi ahal izango dira, 3 eurotan, bihartik aurrera. Mikel Serrano alkateak jakinarazi duenez, "Udalak bildutako kopurua halako bi jarriko du, eta droga kontsumoaren inguruan kontzientziazio lanetan eta HIESaren biktimei laguntzen diharduten elkarteetara bideratuko du".