Eduki publikatzailea

Atzealdea 17, 18 ETA 19 URTEKO GAZTEEI ZUZENDUTAKO EKIMENA: DOAKO URTEBETEKO HITZAKIDE HARPIDETZA, UDALAREKIN HARREMANAK EUSKARAZ NAHI IZANEZ GERO

Zumarragako Udalak eta Goierriko Hedabideak-ek ekimen berria jarri dute abian gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko

2026·06·05


Zumarragako Udalak eta Goierriko Hedabideak EM-k elkarlan hitzarmen berri bat jarri dute martxan 17, 18 eta 19 urteko gazteei zuzenduta, udalerrian euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Programa honi esker, Udalarekin euskaraz harremanak izan nahi dituzten gazteek Goierriko Hitzaren HITZAKIDE harpidetza digitala doan eskuratu ahal izango dute urtebetez.

Horrela, tokiko administrazioarekin dituzten harremanetan euskara erabiltzea aukeratzen duten gazteek doako harpidetza izango dute 2026ko uztailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean.

HITZAKIDE harpidetzari esker, parte-hartzaileek tokiko eta eskualdeko gaurkotasun-albisteak ezagutu, zozketetan parte hartu eta hemeroteka kontsultatu ahal izango dute, besteak beste. Zerbitzuari buruzko informazio guztia Goierriko Hitzaren webgunean dago eskuragarri.

Ekimen honen bidez, Zumarragako Udalak euskara sustatzeko konpromisoa indartu nahi du, eta herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen jarraitu nahi du. Halaber, gazteek helburu horretan duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi du.

Nola parte hartu?

Parte hartu nahi duten gazteek 2026ko ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera. Izapidea honako bide hauetako baten bidez egin ahal izango da: https://labur.eus/18Z2026 helbidean dagoen formularioaren bidez, euskara@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzita edo aurrez aurre Zumarragako Udalean, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Zumarragako Udalak herriko gazteak animatzen ditu ekimen honetan parte hartzera eta euskararen erabileran urrats bat gehiago ematera.