Eduki publikatzailea
Atzealdea 2024AN JAIOTAKO HAURREK ETA HAIEN GURASOEK 27 ZUHAITZ BERRI LANDATU DITUZTE ZUMARRAGAKO “ZUHAITZ EGUNEAN”
2025·03·25
Ekimena 2030 agendako ekintzen barruan sartzen da. Urtero, aurreko urtean jaiotako haurrak eta hauen gurasoek, seme- alabaren omenez zuhaitz bat landatzean datza, Zumarragari zuhaitz-azalera handiagoa emanez.
Udaleko Ingurumen Sailetik koordinatuta, “Zuhaitz eguna” martxoaren 21eko “Munduko Baso Egunaren” inguruan ospatzen den egun sinbolikoa da. Horren bidez, herritarrei, batez ere gazteei, berdeguneak mantentzeko eta handitzeko beharra dagoela gogorarazi nahi zaie, natura babestuz eta kontserbatuz, urte batzuen buruan gure basoen etorkizuna haien mende egongo dela ulertaraziz.
Aurten, ohiko dinamika jarraitu dugu, 2024an jaiotako haurrei gonbidapena bidalita, 53 gonbidapen zehazki. Horietatik 27 familiak hartu dute parte haritz, urki eta astigarren landaketan. Landatu ondoren, familia bakoitza norberaren zuhaitzaren zaintzaz arduratzen da.
Ingurumen-ekarpen handiko ekimena izateaz gain, ekintza sinboliko eta maitagarria ere bada, zuhaitz horiek bizitza irudikatzen baitute, guraso horiek beren seme-alabei eman dieten bizitza bera. Ekintza honen bidez, batasun sinboliko hori irudikatzen da, eta lurra zaintzearen garrantziaz jabetzen da, gure seme-alabei bezain beste. Izan ere, gu ere ama naturaren seme-alabak gara.
Eskerrik asko guztioi parte hartzeagatik, espero dezagun zuhaitz hauek gure seme-alabak bezain azkar haztea.