Eduki publikatzailea
Atzealdea MINGAINLUZEREN ITZULERA ARRAKASTATSUA
2024·03·04
MINGAINLUZEREN ITZULERA ARRAKASTATSUA
Joan den asteburuan jokatu zituzten LH5eko 24 taldek final aurrekoak eta finala, ederki girotutako Labeaga aretoan.
2020ko urtarrilean jokatu zen azken aldiz Mingainluze lehiaketa Zumarraga-Urretxun, eta pasa den asteburuan, bereziki pandemiak eragindako geldialdiaren eraginez etenda egon ostean, ekimena berreskuratu eta berriz ere abian jartzea lortu zuten antolatzaileek, Zumarraga eta Urretxuko udaletako euskara sailen babesarekin. Euskara erabateko protagonista duen ekimena da Mingainluze, eskola umeen artean ikusmin handia sorrarazi izan zuena 2011-2020 urteen artean. Pandemia igaro ondoren berriz martxan jartzea kosta egin da, baina garai bateko arrakastarekin itzuli dela esan daiteke inolako zalantza izpirik gabe asteburu honetan izandako giroa ikusita.
Gorka Azkaratek gidatuta, larunbat arratsaldez kanporaketa saioa jokatu zen Labeaga aretoan eta igande arratsaldez, berriz, finala. Talde guztien artean Aupa Erreala izenekoa izan da indartsuena, Irati Amenabar, Paula Montori eta Sibel Sanchezek osaturiko hirukotea, hain juxtu. Talde honek nagusitasun handia erakutsi zuen proba guztietan eta puntu dezente pilatu zituen bukaerarako. Nola kanporaketa saioa hala finala, zirraragarriak izan ziren hasieratik bukaerara.
Larunbateko kanporaketa saioa jendetsua izan zen oso eta igandeko saiorako zortzi talde sailkatu ziren: Pituluminions (Aratz Alonso, Ager Camino, Peio Elgarresta), Begi Argi (Olaia Gallardo, Maria Sedano, Maren Mesonero), Minionsak (Maier Aranzadi, Maialen Elortza, Aitana Elgarresta), Pitxitxi Express (Erick Ning Calvo, Oscar Nuñez, Eleder Bilbao), Hiru izarrak (Maren Vegas, Uxue Carrera, Maria Omañas), Aupa Erreala (Irati Amenabar, Paula Montori, Sibel Sanchez), Hiru N (Nahia Goia, Paula Cordero, Nile Aramburu) eta Kapibarak (Unax Iribecampos, Mario Rentero, Alex Martin). Eta, finalean, Aupa Erreala taldearen atzetik, Hiru N taldea (bigarren), Minionsak (hirugarren) eta Pitxitxi Express (laugarren) sailkatu ziren.
Aurreko urteetan izandako etenak ez dirudi eragin handirik izan duenik lehiaketan: aurten ere, izan ere, harrera oso ona izan baitu Mingainluzek. Lehen hezkuntzako bosgarren mailara mugatu da lehiaketa eta 24 taldek eman dute izena, hiruko taldetan banaturik. Hainbeste taldek parte hartzen dutela jakinda, kontuan hartu behar da ez dela batere erraza finalera iristea, eta are zailagoa irabaztea. Pozik egoteko moduan daude, beraz, igandean lehian aritu ziren taldeak.
Saio bakoitzaren amaieran partehartzaile guztiek gozokiren bat izan dute eta horrez gain finalistek kamiseta bereziak jaso dituzte. Bestetik, lehenengo lau sailkatuek sariak jaso zituzten Maialen Fidalgo eta Nerea Errasti Urretxu eta Zumarragako udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen. Bitartean, gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “Zalantza genuen 4 urteko etenaren ondoren garai bateko martxa berreskuratuko ote zuen lehiaketak, baina aurreikuspenak txiki utzi ditugu. Agian iaz egindako lehiaketa birtualak ere lagunduko zuen motorrak berotzeko… behin zailena eginda, itzultzea alegia, datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugula esango genuke”.