Eduki publikatzailea
Atzealdea “ALGARAKA”: EUSKAL HERRIKO LEHENENGO BAKARRIZKETA LEHIAKETA
2024·04·09
“ALGARAKA”: EUSKAL HERRIKO LEHENENGO BAKARRIZKETA LEHIAKETA
Kanporaketa bat Urretxu-Zumarragan jokatuko da maiatzaren 17an, ostirala. Izen-ematea, zabalik.
Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa egingo da maiatzean, Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa. Martxoaren 20an aurkeztu zituzten nondik norakoak, Bergarako Seminarixoan egindako agerraldian. Bertan izan dira lehiaketaren antolatzaile –Jardun euskara elkartea eta Goiena Komunikazio Taldea–, babesle –Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia–, eta laguntzaileak –Urretxuko eta Zumarragako udalak eta Zumaiako Udala–.
Publikoarentzako irekiak izango diren lau saiotan egingo da. Lehenengo kanporaketa eta finala Bergaran egingo dira eta bigarren eta hirugarren saioak, Urretxuko Labeaga aretoan eta Zumaian.
Aurkezpen ekitaldian, Bergarako Jardun euskara elkarteko Nerea Mendizabalek azaldu duenez, “Euskal Herria bakarrizketagintzaren loraldian dago”, eta loraldi horrek bultzatu ditu lehiaketa antolatzera. “Ideia Goiena Komunikazio Taldearekin partekatu, eta hura martxan jartzeko erabakia hartu genuen elkarrekin. Noski, erakunde publikoen babesa eta laguntza ezinbesteko genuen, eta halaxe izan dugu; eskerrik asko Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektuan sinistu eta hura babesteagatik, eta baita Zumarraga eta Urretxuko eta Zumaiako udalei ere, laguntzeagatik”.
‘Algaraka’: kanporaketak
Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da. Lehenengoa eta azkena Bergaran eta erdiko biak Urretxu-Zumarragan eta Zumaian.
o Maiatzaren 10ean, lehen kanporaketa, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.
o Maiatzaren 17an, bigarren kanporaketa, Urretxuko Labeaga aretoan, 20:00etan.
o Maiatzaren 24an, hirugarren kanporaketa, Zumaiako Aita Mari aretoan, 20:00etan.
o Maiatzaren 31n, finala, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.
Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztuko dute.
Sariak:
o Lehen saria: 1.000 euro + Bergarako tostoiak eta erreilenoak
o Bigarren saria: 600 euro + Bergarako tostoiak eta erreilenoak
o Bergarar onena: 250 euro –bonuak, herrian erabiltzeko–
o Publikoaren saria: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria.
Aurkezleak: Saioak aurkezten izango dira Miren Nogales aktore eta aurkezlea eta Jon Olivares aktore bergararra.
Epaimahaiko kideak: Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Josu Zubia kulturgilea eta Potx pailazoa eta Aner Peritz bertsolari eta sortzailea.
Izen-ematea zabalik dago apirilaren 19a bitarte
• Izena emateko aukera zabalik dago gaurtik apirilaren 19ra bitartean.
• Parte hartu gura duenak 2-3 minutuko bideo bat aurkeztu beharko du.
• Izena emateko bi modu daude: komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita edo www.algaraka.eus webgunean.
• Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu.
• Publikoak 12. lehiakidea aukeratuko du, eta horretarako aukera izango da apirilaren 22tik aurrera, www.algaraka.eus webgunean.
• Aukeratuen izenak apirilaren 29an jakinaraziko dira.
EITBk eta Goienak koproduzituta
Jardunen eta Goienaren arteko elkarlan horretara batu da EITB ere, eta lau saio horien koprodukzioaz arduratuko da Goiena Komunikazio Taldearekin batera. Hala, saio guztiak Primeran streaming plataforman egongo dira ikusgai.
Monika Belastegik, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak, eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan sinistu eta laguntzera batu diren erakunde guzti-guztiei, eta nabarmendu du pozik eta gogotsu daudela, EITBrekin elkarlanean ekoiztea berria eta erronka oso polita delako Goienarentzako.
Lehiaketaren gaineko informazio guztia duzue www.algaraka.eus webgunean.