Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK ETA ITSASPEKOAK REAL SOCIEDADEK ITSASPEKO ZINEMA ZIKLOA AURKEZTU DUTE

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (CIMASUB) Zumarragan izango da maiatzaren 7tik 21era, itsaspeko mundua ezagutarazteko hainbat aukera eskainiz

2024·04·30


ZUMARRAGAKO UDALAK ETA ITSASPEKOAK REAL SOCIEDADEK ITSASPEKO ZINEMA ZIKLOA AURKEZTU DUTE

Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (CIMASUB) Zumarragan izango da maiatzaren 7tik 21era, itsaspeko mundua ezagutarazteko hainbat aukera eskainiz.

Zelai Ariztin egin dute prentsaurrekoa Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta CIMASUBeko David Sanchez eta Lourdes Anza kideak. Bertan aurkeztu dituzte maiatzaren 7tik 21era Nazioarteko Itsaspeko Zinemaren zikloak Zumarragara ekarriko dituen ekimenak. CIMASUB Real Sociedad Itsaspekoak taldeak antolatzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko iraunkortasun-departamentuaren, Realaren Fundazioaren, Mater Museoaren eta Zumarragako Udalaren lankidetzari esker iritsi da Zumarragara.

CIMASUB 1975az geroztik antolatzen den jaialdia da eta 46 edizioren ondoren munduko lehiaketarik urtetsuena bilakatu da. Erreferentzia da nazioarteko itsaspeko irudien sektorean, mundu osoko partaideen lanak lehiatzen baitira banatzen diren 25 sarietako bat eskuratzeko; iaz, 80 herrialdetik gorako partaideen lanak jaso zituzten.

Jaialdian, itsaso zein ozeanoetako biodibertsitatea azaleratzeaz gain berau larriki mehatxatzen dituen klima aldaketa, kutsadura, hondakinak, gehiegizko arrantza eta beste hainbat gai landuko dira. Izan ere, itsaspeko munduaren ederra erakusteaz gain kontzientzia soziala hartzea ere bilatzen du CIMASUBek.

Jaialdian hiru kategoria saritzen dituzte: dokumentalak, laburmetraiak eta urpeko argazkiak. Hain zuzen, hiru modalitate horiek izango dira Zumarragan protagonista, Zelai Arizti aretoan, kultur etxean eta Antioko interpretazio zentroan ikusgai izango baitira.

Maiatzaren 7an, 14ean eta 21ean, arratsaldeko 19:00etan izango dira ikusgai Zelai Arizti aretoan jaialdian sarituriko dokumental eta laburmetraiak. Sarrera doan izango da. Bestalde, Zelai Arizti kultur etxeko hallean eta Antioko interpretazio zentroan argazki erakusketa egongo da ikusgai, maiatzaren 7tik 14ra, bertaratu nahi duen ororentzat. 

Hortaz gain, ikastetxeetako LH 5. eta 6. mailako ikasleek maiatzaren 10ean Txikizikloan parte hartzeko aukera izango dute. Txikizikloa, gazteenei egokituriko saio bat da eta umetatik itsasoaren eta ingurumenaren kontserbazioaren kontzientzia modu dinamiko batean hartzea du helburu. Azkenik, helduenek, El Salvador gizarte etxean maiatzaren 13an arratsaldeko 18:00etan izango dute itsaspeko mundua ezagutzeko aukera.

Amaitzeko, alkateak herritarrak gonbidatu ditu Zumarragan izango den aukera probestera eta Zelai Arizti aretora, kultur etxera edota Antioko interpretazio zentroan itsaspeko mundua ezagutzera.