Eduki publikatzailea

Atzealdea 8-12 URTE BITARTEKO 125 GAZTETXOK PARTE HARTUKO DUTE “KANTARIK” URRETXU-ZUMARRAGAN IZANGO DUEN LEHEN EDIZIOAN

Zelai Arizti antzokian izango dira emanaldiak larunbat honetan, arratsaldeko 16:00etan hasita

2024·11·07


8-12 URTE BITARTEKO 125 GAZTETXOK PARTE HARTUKO DUTE “KANTARIK” URRETXU-ZUMARRAGAN IZANGO DUEN LEHEN EDIZIOAN

Zelai Arizti antzokian izango dira emanaldiak larunbat honetan, arratsaldeko 16:00etan hasita

Urretxu eta Zumarragako udalek lagundu eta Goiena komunikazio taldeak gidatuta, larunbat honetan izango da gaztetxoek hainbat astetan prestatu duten emanaldia ikusteko aukera.

3, 4 edo 5 laguneko taldeetan parte hartuko dute eta talde bakoitzak euskal kantu bat eskainiko du zuzeneko emanaldian. Besteak beste: En Tol Sarmiento, Gatibu, Nogen, Huntza, Vendetta, Betagarri, Ze esatek!... taldeen abestiak abestu eta dantzatuko dituzte agertoki gainean.

Arratsaldeko 16:00etatik 20:00ak bitartean egingo dira emanaldi guztiak bost txandatan: 16:00-16:50-17:40-18:30-19:20 eta Beñat Arizabaleta izango da saioko aurkezlea.

Urriaren 26an egin ziren entsegu guztiak eta Malen Balerdi eta Beñat Arizabaleta izan zituzten gidari neska-mutikoek. Urduri eta ilusioz baina etxekoekin, lagunekin eta herritarrekin mimo handiz prestatutako emanaldiarekin gozarazteko prest daude larunbat honetan.

Emanaldia zuzenean gozatzeko aukera izango da Zumarragako Zelai Arizti Aretoan aforoak eskaintzen duen mugarekin (beteko balitz, gurasoek lehentasuna izango lukete). Baina, ez bertaratuta ere, Goierri telebistak streamingez botako ditu beren webgunean ( https://gitb.eus/ ) eta behin saio guztiak grabatu ondoren eta post-produzitu, telebistan ikusteko aukera ere izango da. Horrekin batera, parte-hartzaile bakoitzak emanaldiko argazki galeria jasoko du eta baita parte hartu duen saioko bideoa ere.

Zer da Kantari? 

Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzeko ikuskizuna da. Helburua neska-mutikoek euskal kantak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da, hortaz, ez du inolako lehiaketa kutsurik.

Ibilbide arrakastatsua daraman egitasmoa da. Neska-mutikoek, taldeka, euskarazko kantu bat ikasi behar dute (zozketa bidez antolatzaileak emandakoa), eredu moduan erakutsitako koreografia entseatu edo berri bat prestatu, eta eszenatoki gainean jarri abesten eta dantzan, publikoa eta telebista aurrean izango dituztelarik.

Helburuak

Kantariren helburu nagusiak:

– Haur eta gazteek euskaraz ondo pasatzea

– Harreman berriak euskaraz sortzea

– Euskal kultura sustatzea, dantzak eta kantak uztartuz

– Haur eta gaztetxoei ikuskizun batean parte hartzeko aukera ematea.

– Familia transmisioan eta, horrenbestez, euskararen sozializazioan eragitea

– Eskola desberdinen artean elkarrekin parte-hartzea.

– Eragile ezberdinen artean (komunikabideak, ikastetxeak, udalak), euskararen baitan, elkarlana sustatzea.

Xede taldeak

Bi xede talde ditu: alde batetik, hartzaile zuzenak izango diren gaztetxoak. Bestetik, gazte hauen familia eta ingurukoak egitasmoaren parte izango dira ere, gazteen ikuskizunaren prestaketa lanetan parte hartuz eta ikuskizunaren egunean publiko izanez.

Lehen xede taldeari, hots, gaztetxoenei zuzendurikoa da proiektua. Haiek izango dira protagonistak: euskarazko aisialdi ekimen batean parte hartuko dute, eta euskal kantugintzaren bueltan haien adin bereko kideekin euskarazko harremanak sustatuko dituzte.

Gaztetxoez gain, bigarren xede taldeak ere euskararen sozializazioan eginkizun garrantzitsua izango du: alde batetik, euskaldunak ez diren familiek haien senitarteko gazteen bizitzan euskarak duen balio eta garrantziaren jabe egingo dira, eta euskararekiko gertutasuna sentitzeko aukera izango dute. Bestetik, familia euskaldunek umeekin batera euskarazko ekimen bat gauzatzeko aukera izango dute, transmisioan lagunduz.

Beste herrietako adibideak eta informazio gehiago: https://goiena.eus/telebista/kantari