Eduki publikatzailea

Atzealdea ADIF-EK LOS HERMANOS-eko ZUBI HISTORIKOA ERAITSIKO DU UZTAILAREN 25EKO ETA 26KO ASTEBURUAN

1931ko uztailaren 25ean inauguratutako azpiegitura desagertu egingo da, ireki zenetik 95 urte betetzen diren unean. Lanek trafiko-mozketak, aparkatzeko mugak eta tren-zerbitzuan aldaketak eragingo dituzte

2026·07·21


ADIFek uztailaren 25eko eta 26ko asteburuan eraitsiko du La Salle-Legazpi ikastetxearen ondoan dagoen goiko pasabidea, herritarren artean Hermanos zubia edo La Salleko zubia izenez ezaguna.

Jarduketak Zumarragako historiari eta hiri-paisaiari estuki lotutako azpiegitura baten desagerpena ekarriko du. Zubia 1931ko uztailaren 25ean inauguratu eta bedeinkatu zuten; beraz, ireki zenetik 95 urte betetzen diren asteburuan bertan eraitsiko dute. Haren izen tradizionalak La Salleko Anaiei egiten die erreferentzia, hamarkadetan zehar udalerriko inguru horretan garatutako hezkuntza-jarduerarekin lotuta egon baitira.

Ia mende batez, zubiak hainbat belaunaldiri trenbidearen gainetik igarotzeko aukera eman die, eta Zumarragako eguneroko memoriaren parte izan da. Udalak badaki azpiegitura horrek herritar askorentzat duen esanahia, eta haren desagerpenak aldaketa garrantzitsua ekarriko duela herriko ingurune ezagunenetako batean.

ADIFeko teknikariek egituraren egoera aztertu zuten, eta irizpide teknikoak, hormigoizko azpiegituraren narriadura eta trenbidearen bi aldeen arteko oinezkoen lotura gaur egun bermatuta dagoela kontuan hartuta, zubia kentzea erabaki zuten. Lotura hori 1997an Elizkale eta Los Hermanos zubiaren arteko trenbide-zatia estali ondoren eta zubiaren ondoan dagoen pasabide irisgarriaren bidez bermatzen da. Horrela, segurtasuna bermatzeaz gain, oinezkoen arteko lotura irisgarria mantentzen da une oro, gaur egun erabilgarri dagoen pasabideari esker.

Bestalde, alkateak ADIFeko presidente Pedro Marcorekin izandako zuzeneko harremanei esker, ADIFek bere gain hartuko du jarduketaren kostu osoa; horrenbestez, lanek ez dute inolako kosturik izango Zumarragako Udalarentzat. ADIF arduratuko da esku-hartzea gauzatzeaz, trenbide-azpiegituraren arduraduna den aldetik. Zumarragako Udala, berriz, mugikortasun-neurriak eta herritarrei zuzendutako informazioa koordinatzen ari da, lanek eragingo dituzten eragozpenak ahal den neurrian murrizteko.

Hiru baoen eta pilareen eraispen mekanikoa

Jarduketaren aurreko asteetan goiko pasabidea zeharkatzen zuten telekomunikazio-lineak desbideratzeko beharrezko lanak egin dira. Uztailaren 24an, ostiralean, eraispena egiteko beharrezko makineria, materialak eta baliabideak zubiaren ingurura eramango dira.

Esku-hartzea tren-zirkulazioaren ezohiko etenaldi baten barruan egingo da. Etenaldia uztailaren 25eko larunbateko 00:00etan hasiko da eta uztailaren 27ko asteleheneko 04:30ean amaituko da. Denbora-tarte horretan katenarian egin beharreko lanak, eraispena, materialak kentzea eta trenbideak erabat garbitzea egingo dira.

Zubia mekanikoki eraitsiko da, bi hondeamakina erabilita. Horietako batek hiru bao eta pilareak pixkanaka ahuldu eta botako ditu; besteak, berriz, eraitsitako materialak bilduko ditu, kamioietan kargatu eta baimendutako hondakinak kudeatzeko planta batera eramateko.

Aurretik, trenbideen gainean geotextil-xafla bat eta lastozko fardoen ohe bat jarriko dira. Horien helburua erortzen diren elementuen kolpea moteltzea, trenbide-azpiegitura babestea eta ondorengo garbiketa azkar eta eraginkorra ahalbidetzea izango da.

Hiru baoen eta pilareen eraispenak lau ordu inguruko iraupena izatea aurreikusten da. Eguneko gainerako denbora hondakinak kentzeko eta trenbide-plataforma erabat garbi uzteko erabiliko da.

Zubia kendu ondoren, behin-behineko segurtasun-itxitura bat jarriko da lehengo sarbideetan, Udalarekin batera espazio horietarako behin betiko irtenbidea aztertzen den bitartean.

Trafiko-mozketa ostiral gauetik aurrera

Lanak segurtasunez egin ahal izateko eta makineriaren zein kamioien joan-etorriak bermatzeko, trafikoan hainbat aldaketa egingo dira.

Alde batetik, Iñigo de Loiola kalea itxita egongo da uztailaren 24ko ostiraleko 21:30etatik uztailaren 27ko asteleheneko 05:00ak arte. Inguruko garajeetarako sarbidea bermatzeko, Artiz kalean bi noranzkoetan zirkulatzeko aukera izango da epe horretan.

Bestetik, Iparragirre hiribidea gauez bakarrik itxiko da, 21:300etatik 05:00etara, ostiral, larunbat eta igande gauetan. Ordutegi horretatik kanpo, zirkulazioa normaltasunez egin ahal izango da.

Era berean, Kalebarren kalea zabalik egongo da asteburu osoan, hartutako neurriak direla eta sortuko den zirkulazioa errazteko.

Lanak amaitu ondoren, behin-behineko seinaleztapena kendu eta ohiko zirkulazioa berreskuratuko da pixkanaka.

Inguruan aparkatzeko mugak ere ezarriko dira, Artizen bi noranzkoetako zirkulazioa ahalbidetzeko eta makineriarako, kamioietarako eta garraio alternatiboko zerbitzuetarako beharrezko espazioak prestatzeko.

Taxi- eta autobus-geralekuaren berrantolaketa

Asteburuan, Renfek errepide bidezko garraio alternatiboa jarriko du martxan, Brinkola eta Beasain arteko tren-zirkulazioa etengo delako.

Autobusak Zumarragako geltokiaren ondoan geldituko dira. Horretarako, egungo taxi-gunearen zati bat behin-behineko autobus-geraleku gisa seinaleztatuko da. Lehenengo plazak taxi-zerbitzurako gordeko dira, eta gainerako espazioa Renferen erabiltzaileak autobusetara igo eta jaisteko erabiliko da.

Renferen hasierako aurreikuspenaren arabera, gutxi gorabehera 30 minutuan behin autobus bat egongo da, eta eskaera handieneko ordu-tarteetan zerbitzua indartuko da. Behin betiko ordutegiak Renferen kanal ofizialetan kontsultatu beharko dira.

Behin-behineko zerbitzu horrek Zumarragako geltoki intermodalak egun eskaintzen duen ohiko garraio-eskaintza osatuko du. Izan ere, geltoki intermodala eskualdeko mugikortasun-gune nagusietako bat da.

Tren-zerbitzuan izango diren eraginak

Uztailaren 25etik 27ra bitartean, Aldiriko trenek ezingo dute Brinkola eta Beasain artean zirkulatu. Renfek autobus bidez ordezkatuko du ibilbide hori, Brinkolan, Legazpin, Zumarragan, Ormaiztegin eta Beasainen geralekuak jarrita.

Brinkolatik edo Brinkolara bidaiatzen duten pertsonek Legazpin bigarren aldaketa bat egin beharko dute, eta mikrobus batean jarraitu. Izan ere, Brinkolako geltokirako sarbidearen ezaugarriek ez dute autobus handiak bertaraino iristea ahalbidetzen.

Lanek Distantzia Ertaineko eta Distantzia Luzeko zenbait zerbitzutan ere izango dute eragina. ADIFek Gipuzkoan egingo dituen beste jarduketa batzuen ondorioz tren-zerbitzuaren aldaketek datozen hilabeteetan jarraituko dutenez, Udalak egutegi eta garraio-alternatiba guztiei buruzko bigarren informazio zehatz bat argitaratuko du.

Zumarragako Udalak gomendatzen du lanek eragindako inguruan ibilgailuz egiten diren joan-etorriak saihestea, behin-behineko seinaleztapena errespetatzea eta tren-zerbitzuak aldez aurretik kontsultatzea. Era berean, jarduketak eragin ditzakeen eragozpenen aurrean herritarren ulermena eta lankidetza eskertzen ditu.