Eduki publikatzailea

Atzealdea AHO BATEZ ONARTU DA UDALETXE BARRUKO VII. EUSKARAREN ERABILERA PLANA

Zumarragako Udalak urteak daramatza euskararen normalizazio prozesuan lanean. Onartu berri den plana, zazpigarrena, 2024-2027 epealdirako izango da eta udal langileen arteko erabilerari emango dio lehentasuna

2024·06·21


AHO BATEZ ONARTU DA UDALETXE BARRUKO VII. EUSKARAREN ERABILERA PLANA

Zumarragako Udalak urteak daramatza euskararen normalizazio prozesuan lanean. Onartu berri den plana, zazpigarrena, 2024-2027 epealdirako izango da eta udal langileen arteko erabilerari emango dio lehentasuna

Zumarragako Udalbatzak aho batez onartu du VII. Erabilera Plan estrategikoa 2024-2027 epealdirako. Erabilera planak administrazio barruko planak dira, hiru helburu estrategikotan banatuak: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, administrazio barruko euskararen erabilera bermatzea eta administrazioen arteko harremanetan ere bermatzea.

VII. plan honen diseinuan, aurreko planaren emaitzak hartu dira kontuan. VI. plan horretan “herritarren hizkuntza hautua” bermatzeari eman zitzaion lehentasuna, eta emaitzak agerikoak dira. Ia %100ean betetzen da:

  • Herritarren idatzietan harremana euskaraz hautatu dutenean, jakinarazpena euskaraz jaso dute.
  • Udal erabaki guztiak elebietan jaso dira: Osoko Bilkurakoak, Tokiko Gobernu Batzordekoak, Alkate Dekretuak.
  • Gardentasun atarian argitaratzen diren dokumentuen elebietan daude.

Horrekin, herritarrek bi hizkuntza ofizialetan informazioa jasotzeko eskubidea bermatu da VI. plangintzaldiaren amaieran, noiz eta Covid 19aren legealdian, zalantzarik gabe langileen eta udal gobernuaren konpromisoari esker.

Hori horrela, 2024an, VII. Plana diseinatzeko momentuan, Udal Gobernuak abiarazi eta udal langileen parte-hartzearekin, lehentasuna “administrazio barruko euskararen erabileran” jartzea adostu da.

Egun, Zumarragako udal langile ia guztiek ulertzen dute euskara, eta horrek hainbat aukera zabaldu ditu plan berriari begira. Besteak beste:

  • Lan bilerak euskaraz egitea.
  • Lankideen artean ahozko harremanak euskaraz izatea
  • Erakunde barruko idatzizko lan-komunikazioak euskaraz izatea.
  • Prestakuntza ahal den neurrian euskaraz jasotzea.
  • Baliabide informatikoak euskaraz erabiltzea.

Planifikatutako aldiaren amaieran, helburu horiek zenbateraino bete diren neurtuko da.

Honekin guztiarekin, Udal Gobernuak euskararen erabileraren alde duen konpromisoa berretsi nahi du, herritarren hizkuntza eskubideak betetzearekin batera. Edozein zalantza edota argibideetarako, udaleko Euskara Zerbitzua: 943 729153 euskara@zumarraga.eus.