Eduki publikatzailea
Atzealdea AINARA ROMERO MANZANOS-EK IRABAZI DU 2026KO SANTA ISABEL JAIETAKO EGITARAUAREN AZALA AUKERATZEKO LEHIAKETA
2026·05·29

Gaur, maiatzaren 18an, Zelai Ariztin egin da Zumarragako Udalak antolatutako 2026ko Santa Isabel jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren epaia. Irabazlea Ainara Romero Manzanos urretxuarra izan da, “Albarka” izeneko lanarekin. Lan horrek eskuratu du lehiaketako sari bakarra.
Epaimahaia Begoña Idiakez Alberdik, Iñaki Mariñelarena Sanzek eta Josu Maroto Peñagarikanok osatu dute, eta aurkeztutako 11 lanak aztertu ondoren, Romero Manzanosen proposamena saritzea erabaki dute.
Egileak azaldu duenez, lanak Santa Isabel jaietan bizi den giro alaia eta ospakizunerako gogoa irudikatzen ditu; “pozik, dantzan eta saltoka” bizi diren egunak direla azpimarratu du, eta horregatik albarkak protagonismo berezia hartzen du irudian. Era berean, letretan erabilitako kolore berde, gorri eta zuriek uztailaren 2ko ezpatadantzan dantzariek erabiltzen dituzten arkuak irudikatzen dituzte; fondo berdeak, berriz, Santa Isabel eguneko ospakizunaren kokaleku den Antioko ingurune naturala irudikatzen du, Zumarragako espazio adierazgarri eta errotuenetako bat.
Guztira 11 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta horrek berriz ere agerian uzten du herritarrek Santa Isabel jaiekiko duten lotura, sormena eta parte-hartzeko gogoa. Aurkeztutako lan guztiak gaurtik aurrera ikusgai izango dira Zelai Arizti kultur etxean antolatutako erakusketan, eta ekainaren 26ra arte egongo dira bertan, jaien hasierarekin batera amaituz.
Zumarragako Udalak zorionak eman nahi dizkio irabazleari, eta eskerrak eman parte hartu duten guztiei, beren sormen eta talentuarekin Santa Isabel jaien irudia eta nortasun kulturala aberasten laguntzeagatik.

