Eduki publikatzailea

Atzealdea ANTIOKO XLIII. MUSIKALDIAK LEHEN MAILAKO BOST MUSIKA-PROPOSAMEN BILDUKO DITU IRAILEAN

Gaur aurkeztu da Zumarragan 1984tik musikaren kalitatea eta Antioko ermitaren ondare-balioa uztartzen dituen zikloaren edizio berria

2026·09·03


Gaur aurkeztu da Antioko XLIII. Musikaldia, Zumarragan egindako agerraldian. Aurkezpenean parte hartu dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Aitor Biain Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendariak. Abesbatza irailaren 12ko kontzertuaren protagonista izango da.

Aurtengo zikloa irailaren 5ean hasiko da, eta hilaren 12an, 19an eta 26an izango du jarraipena. Lau kontzertuak 19:30ean egingo dira Antioko ermitan. Egitaraua urriaren 3an osatuko da, 18:00etan, Igartubeiti Baserri Museoan egingo den Baserri minez… emanaldiarekin.

Edizio berriak soka, ahots, antzinako musika, perkusioa eta metalezko haize-instrumentuak bilduko ditu. Nazioarteko ospea duten interpreteak, Euskal Herriko musikariak eta estilo eta garai desberdinetako errepertorioak elkartuko dira, kalitate artistikoa eta aniztasuna ardatz dituen programazioan.

Lau hamarkadatik gorako ibilbidea

Antioko Musikaldia 1984an sortu zen, kalitatezko musika ohiko zirkuituetatik kanpo zabaltzeko eta publiko berriei ondare-ingurune berezi batean eskaintzeko helburuarekin. 43 edizioren ondoren, Gipuzkoako musika-ziklo egonkor eta adierazgarrienetako bat bihurtu da.

Bere historian zehar, Musikaldiko agertokitik izen handiko artista eta talde ugari igaro dira. Besteak beste, Nicanor Zabaleta, Ainhoa Arteta, Joaquín Achúcarro, The King’s Consort, Il Giardino Armonico, Concerto Italiano, Katia eta Marielle Labèque ahizpak, Ara Malikian, Donostiako Orfeoia eta Spanish Brass aritu dira bertan. Haiekin batera, Euskal Herriko interprete, abesbatza eta sortzaile ugarik ere parte hartu dute zikloan.

Ibilbide horrek Musikaldia belaunaldi, estilo eta musika-tradizio desberdinen arteko topagune bihurtu du, nazioarteko proposamenak eta gertuko talentua uztartuz.

Musika eta ondarea, esperientzia berean

Musikaldiaren berezitasun nagusietako bat bere agertokia da. “Ermiten katedrala” izenez ezagutzen den Antioko ermita Zumarragako ondare historiko, artistiko eta turistikoaren ikur nagusietako bat da. Bere barruko egurrezko egitura ikusgarriak, harriarekin duen uztarketak eta akustika bikainak izaera berezia ematen diote kontzertu bakoitzari.

Musikak eta espazioak bat egiten dute bertan, eta entzuleari ohiko kontzertu-aretotik harago doan esperientzia eskaintzen diote. Musikaldia, beraz, musika-programazio bat izateaz gain, Antioko ermita eta haren ingurunea ezagutzeko eta beste modu batean bizitzeko gonbidapena ere bada.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurkezpenean azpimarratu duenez, “Zumarragak urteak daramatza kulturaren aldeko apustua egiten, herritarrei kalitate artistikoa eskainiz, eta beste behin ere, horren erakusgarri da aurtengo zikloaren programa”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antioko Lagunen laguntza izango da, musikaren eta ondarearen inguruko lankidetza eta kultur sinergiak indartuz.

Egitaraua

Irailak 5 – Arod Quatuor

Jordan Victoria eta Alexandre Vu biolin-jotzaileek, Tanguy Parisot biola-jotzaileak eta Jérémy Garbarg biolontxelo-jotzaileak osatzen dute nazioarteko laukote ospetsua. Besteak beste, Haydn, Béla Bartók eta Fanny Mendelssohnen lanak interpretatuko dituzte.

Irailak 12 – Vox Arcana: Oñatiko Ganbara Abesbatza

Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean, Oñatiko Ganbara Abesbatzak garai eta estilo desberdinetako musika korala bilduko duen programa eskainiko du. William Byrd, Henry Purcell, Anton Bruckner, Felix Mendelssohn, Arvo Pärt, Javier Busto eta Josu Elberdinen obrak izango dira entzungai, besteak beste.

Irailak 19 – Carles Blanch eta Pedro Estevan

Carles Blanch bihuela-jotzaileak eta Pedro Estevan perkusio-jotzaileak Enperadorearen abestiak. Musika Karlos V.aren inperioan programa aurkeztuko dute. Errenazimentuko musikara egingo duten bidaian, Luis de Milán, Luis de Narváez, Alonso Mudarra, Miguel de Fuenllana eta Tielman Susatoren obrak interpretatuko dituzte, inprobisazioekin batera.

Irailak 26 – KamBrass Quintet

Iñigo Ocón eta Joan Pàmies tronpeta-jotzaileek, María Servera tronpa-jotzaileak, Xavier Gil tronboi-jotzaileak eta Oriol Reverter tuba-jotzaileak osatzen dute 2017an Bartzelonan sortutako boskotea. Ganbera-musikarekiko jakin-mina, lan berrien estreinaldia eta moldaketen lanketa dira taldearen nortasunaren ezaugarri nagusiak.

Urriak 3 – Baserri minez…

18:00etan, Igartubeiti Baserri Museoan. Andoni Egaña bertsolariak, Andoni Salamero poetak eta Mixel Ducau eta Caroline Phillips musikariek bertsoa, poesia eta musika uztartuko dituzte, baserriaren iraganari, orainari eta etorkizunari begiratzen dion emanaldian.

Irailaren 5, 12, 19 eta 26ko kontzertuak 19:30ean izango dira Antioko ermitan. Kontzertu-egunetan doako autobus-zerbitzua eskainiko da Elizkaletik, 19:00etan.