Eduki publikatzailea

Atzealdea ASTE BAT PARTEKATZEKO, PARTE HARTZEKO ETA URTEEI BIZITZA GEHITZEN JARRAITZEKO

Zumarragak amaiera eman dio Adineko pertsonen V. Asteari, hainbat egunez topaketak, omenaldiak, jarduerak eta parte hartzeko espazioak eskaini ondoren. Beste behin ere, herriko adinekoak izan dira aste osoaren erdigunea.

2026·10·07


Egun hauetan egindako ekimen bakoitzetik harago, Adineko pertsonen Asteak zahartzeari buruz hausnartzeko eta adineko pertsonek komunitatean duten eta izaten jarraitu behar duten zereginari buruz hitz egiteko aukera ere eskaini du.

Hausnarketa hori Adineko pertsonen Egunaren harira irakurritako manifestuan jaso zen. Aurten, adineko pertsonen ongizate fisiko eta psikologikoa izan du ardatz, eta edizio honen espiritua ondo laburbiltzen duen ideia bat nabarmendu du: “urteei bizitza gehitzea”, eta ez soilik bizitzari urteak gehitzea.

Modu osasungarrian zahartzea ez da soilik urte gehiago bizitzea. Parte hartzen jarraitzeko aukera izatea da, harreman sozialak mantentzea, lagunduta eta baloratuta sentitzea eta komunitateko kide aktibo izaten jarraitzea. Era berean, bizitzako etapa bakoitzak dakartzan aldaketei ahalik eta autonomia eta ongizate handienarekin aurre egiteko aukerak, zaintzak eta ingurune egokiak izatea ere bada.

Espiritu hori presente egon da Adineko pertsonen Asteko jarduera guztietan.

Topaketek eta omenaldiek bizitza-ibilbideak aitortzeko eta belaunaldien artean uneak partekatzeko aukera eman dute; Tau-Taupadak bezalako ekimenek jarduera eta ongizatea jarri dituzte erdigunean; eta Hilo de Plata Deien Sprint Solidarioak berriz gogorarazi digu zein garrantzitsua den hain sinplea eta, aldi berean, hain beharrezkoa den zerbait: bakardade-egoeran dauden pertsonekin hitz egitea, entzutea eta laguntzea.

Zumarraga Lagunkoiaren diagnostiko berriaren aurkezpenak, gainera, etorkizunera begiratzeko eta adinekoen beharrak, esperientziak eta ekarpenak kontuan hartuko dituen udalerria eraikitzen jarraitzeko aukera eman du.

Izan ere, adinekoekin lagunkoia den komunitatea ez da aste bakar batean eraikitzen. Topaguneak sortuz, gizarte-sareak indartuz, parte-hartzea erraztuz eta pertsona guztiek, adina edozein dela ere, Zumarragako kide sentitzen jarraitzeko aukerak eskainiz eraikitzen da.

Egun hauetan irakurritako manifestuak ere gizarte-laguntzaren eta familiarekin, ingurunearekin eta komunitatearekin harreman ona izatearen garrantzia azpimarratzen zuen, ongizate fisiko eta emozionalerako funtsezko elementu gisa.

Bosgarren edizio honen amaierarekin jarduera-aste bat bukatu da, baina ez bidea.

Zumarragako Udalak lanean jarraituko du, adineko pertsonekin, elkarteekin eta herriko eragileekin batera, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko, bakardade-egoerei aurre egiteko eta adineko pertsonek konektatuta, parte hartzen eta ekarpenak egiten jarraitu ahal izango duten komunitatea eraikitzeko.

Urteak betetzeak ere partekatzen, erabakitzen, ikasten, gozatzen eta herriko bizitzaren parte izaten jarraitzea esan behar duelako.