Eduki publikatzailea
Atzealdea AZOKATIK MAHAIRA: “SUKALDEAN BEHIN” TAILERRA IZANGO DA LARUNBAT HONETAN ZUMARRAGAKO AZOKAN
2026·05·25

Zumarragako Udalak, Gipuzkoako Azoken Sarearekin eta Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioarekin elkarlanean, “Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin” tailerra antolatu du datorren larunbatean, maiatzaren 30ean, goizeko 11:00etan Zumarragako Azokan.
Tailerraren helburua herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzea izango da. Saioan, bi ordutan aste osorako otorduak prestatzeko teknikak eta aholku praktikoak landuko dira, sukaldean denbora optimizatzen ikasiz eta aldi berean dieta orekatua mantentzeko baliabideak eskainiz.
Ekimenak bertako eta garaiko produktuak izango ditu ardatz, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsuaren garrantzia azpimarratuz. Zentzu horretan, Zumarragako Azoka herriko topagune eta tokiko ekonomiarako erreferente izaten jarraitzen du, kalitatezko produktuen bidez herritarren eta lehen sektorearen arteko lotura indartuz.
Saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute, sukaldaritzaren eta nutrizioaren ikuspegiak uztartuz. Parte-hartzaileek egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak, elikadura ohitura osasungarriak sustatzeko gomendioak eta produktu bakoitzaren nutrizio balioari buruzko azalpenak jasoko dituzte.
Tailerraren bidez, ohiko plateretatik harago joateko aukera eskaini nahi da, garaian garaiko bertako elikagaiak modu erakargarri eta praktikoan prestatzen ikasiz. Era berean, ekimenak nekazal azokak indartzeko eta herritarrak tokiko kontsumora gerturatzeko helburua ere badu.
Tailerrean parte hartzeko ez da aurrez izena eman beharko; bertaratzearekin nahikoa izango da. Gainera, saioaren amaieran prestatutako platera dastatzeko aukera egongo da, eta bertan erabilitako errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira parte-hartzaileen artean.

