Eduki publikatzailea

Atzealdea BUKAERA EMAN ZAIE EITZAGAKO UHOLDEEI: EITZAGA INGURUAREN BIRNATURALIZAZIOAREN BIGARREN FASEA ABIAN DA

Jarduketak bere eraginkortasuna erakutsi du jada, eta auzoaren iraganari eta auzokideen ekarpenei erreferentziak eginez jarraituko da ingurunea egokitzen

2025·05·23


Gaur goizean, prentsaurreko baten bidez Eitzagako ibarbidearen azaleratze proiektuaren bigarren fasearen hasiera aurkezteko. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eta Jon Mikel Murua, lanak gauzatzen ari den Lurkide Hondalanak SL enpresako zuzendariak hartu dute parte.

Bigarren fase honi hasiera eman zaio maiatzaren 20ko osoko bilkuran onartutako esleipenaren ostean, eta lanak bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

Mikel Serrano alkateak ekimenaren garrantzia nabarmendu du, Eitzagako ingurunea hobetzeaz gain, auzokoen aspaldiko eskaera bati erantzun diolako: uholdeen arazoari. “Aurreko astelehenean izandako euri-jasa handiek arazoak sortu zituzten inguruko hainbat gunetan, baina Eitzagako garajeetan ez zen ezbeharrik izan. Horrek frogatzen du jarduketa eraginkorra izan dela. Helburua bete da”, adierazi du irmotasunez.

Bigarren fase honetan, ingurumenaren hobekuntza eta auzoaren historiarekiko lotura uztartzen dituen esku-hartzearekin jarraituko da. Zentzu horretan, zimitza bizia landatuko da, auzoaren iragan industrialari eta saskigintzaren tradizioari keinu eginez. Elementu sinbolikoak eta irudi historikoak ere jarriko dira, belaunaldi berriei iragan hori ezagutarazteko.

Auzoko bizilagunen ekarpenak kontuan hartuta, arropa garbitzeko garai bateko guneari ere erreferentzia egingo zaio, askorentzat topagune eta oroitzapen leku garrantzitsua izan baitzen. Jarduketak paseo berriak, atseden guneak eta klima babesleku bat jasoko ditu, eta txirrista natural batzuk jartzeko aukera ere aztertzen ari gara, gune ezberdinak elkarlotzeko.

Jose Ignacio Asensio diputatuak horrelako proiektuek duten garrantzia azpimarratu du: “Auzoetako errealitateari erantzuten diote, historia, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituzte, eta erakundeen arteko lankidetza etorkizuneko ikuspegiarekin egiten denean, emaitza onak ematen dituela erakusten dute”.  

Lurkide Hondalanak SL enpresako zuzendari Jon Mikel Murua-k proiektuak konplexutasun teknikoa duela adierazi du, baina Udala eta auzokideen inplikazioa oso positibotzat jo du: “Ingurumenarekiko begirunea oinarri hartuta ari gara lanean, espazio hau guztiontzat erabilgarria, segurua eta atsegina izan dadin”. Gainera, azpimarratu duenez, erreka azaleratzeko lanak material natural eta jasangarriekin egin dira, eta ez hormigoizko kanal klasikoekin: “Ildo horretan ari gara lanean, paisaiarekin eta ingurumen logikarekin bat eginez”.

Bigarren fase honekin, Zumarragak berriz ere berretsi du bere konpromisoa auzoen hobekuntzarekin, jasangarritasunarekin eta herriaren nortasunaren balioan jartzearekin. Benetako eraldaketa bat, lankidetzatik eraikia eta pertsonen ongizatea ardatz duena.