Eduki publikatzailea

Atzealdea DBH4KO IKASLEEK, URRETXU ETA ZUMARRAGAKO UDALEI, EUSKARAREN ERABILERAN EGITEKO PROPOSAMENAK AURKEZTU DIZKIETE

Urretxu eta Zumarragako Udalek, DBHko hiru ikastetxeekin elkarlanean hasi dira aurten proiektu berri batean

2026·03·10


Izatez, "Urretxuko eta Zumarragako ikasleekin hizkuntza asertibitatea, kontzientzia linguistikoa eta hizkuntza portaera ekologikoak lantzeko proiektu integrala" du izen -eta helburu- osoa.

2025eko otsailean izandako momentu parte-hartzaile batetik abiatu zen guztia, bertan guraso elkarte batetik udalei DBHko ikasleen euskara erabileran eragiteko "zerbait" eskatu zieten. Hala, aukera ezberdinak aztertu ondoren, Gipuzkoako hainbat herritan EMUN aholkularitza kooperatibaren eskutik burutzen ari diren "programa integrala" Urretxu-Zumarragan gauzatzeko aukerak aztertu ziren.

Horren ondoren, iaz eman zen hurrengo pausoa, DBHko ikastetxeetako zuzendariei proiektu berria aurkeztea izan zen, eta proiektua aztertzeko denbora hartu ondoren, hiru ikastetxeek baiezkoa eman zioten proiektu partekatu honi, eta, gaur jaso dugu udalean ikasleengandik lehen ekarpena: DBH4ko ikasleek, euskararen erabilera handitzeko euren geletan landu dituzten proposamenen berri eman digute hiru ikastetxeetako ordezkariek Zumarragako udaletxeko pleno aretoan udal ordezkariak bertan zirela.

Bertan esan dituzte, besteak beste: sukaldaritza lehiaketak, mendi irteerak beste ikastetxeetako ikasleekin, herri kirolak, kontzertuak, euskarazko serie eta pelikulak... udaletako ordezkariek adi entzun eta jaso dituzte ikasleen ekarpen guztiak, eta egindako lanarengatik eskerrak eman dizkiete.

Bi udalek EMUNen eskutik jasoko dute geletan egindako lanketa guztia, eta Urretxu eta Zumarragako udalak bertan aurkeztutako eskaerak aztertu eta gauzatzen saiatzeko konpromisoa hartu dute.