Eduki publikatzailea

Atzealdea EÑAUT ELORRIETA, EUSKADI BRASS, CUARTETO IBERIA ETA ELENA SANCHO IZANGO DIRA ANTIOKO 2025EKO MUSIKA ZIKLOKO PROTAGONISTAK

Antioko Musika Zikloak tokiko talentua sustatzen jarraitzen du

2025·09·04


EÑAUT ELORRIETA, EUSKADI BRASS, CUARTETO IBERIA ETA ELENA SANCHO IZANGO DIRA ANTIOKO 2025EKO MUSIKA ZIKLOKO PROTAGONISTAK

Antioko Musika Zikloak tokiko talentua sustatzen jarraitzen du

Antioko Musika Zikloaren 42. edizioa irailaren 6, 13, 20 eta 27an izango da, 19:30ean, Antioko ermitan, lehen mailako artistak biltzen dituen kartel batekin: Eñaut Elorrieta, Euskadi Brass, Cuarteto Iberia eta Elena Sancho sopranoa, pianoan Teodora Oprisor lagun duela.

Mikel Serrano Zumarragako alkateak azpimarratu duenez, “Zumarragak urteak daramatza kulturaren aldeko apustua eginez, herritarrei kalitate artistikoa eskainiz, eta horren eredua da Antioko musikaldia”.

Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuak hitzordu musikal honek lurraldean duen garrantzia azpimarratu du "Antioko Musika Zikloa kultura Gipuzkoako txoko guztietara nola irits daitekeen erakusten duen adibidea da, ondare balio izugarria duten lekuetan esperientziak sortuz. Aldundiko Kultura Departamentutik tokiko talentuari eta musika publiko berrietara hurbiltzen duten artisten konpromisoari balioa ematen dieten ekimenak babesten jarraitu nahi dugu.  Ziklo honek gogorarazten digu kultura, gozamenaz gain, gizartearen kohesioa, memoria partekatua eta gure herrien garapenerako motorra ere badela."

Ziklo hau, 1984an hasi zena, Gipuzkoako adierazgarrienetako bat bihurtu da, Debakoarekin batera, eta musika kultua deszentralizatzeko eta ingurune berezietan publiko berrietara hurbiltzeko helburuarekin sortu zen.  Antioko ermitak, bere akustika paregabearekin eta bere balio historiko, turistiko eta kultural handiarekin, Ara Malikian, Kukai dantza taldea, Kalakan edo Jacob de Han bezalako artistak hartu ditu, besteak beste, hamarkada hauetan zehar.

Aurtengo edizioak, gainera, Musika Hamabostaldiaren eta Antioko Konpainiaren laguntza izango du, musikaren inguruko sinergia kulturalak indartuz.

Jendeak doako autobus zerbitzua izango du Elizkaletik, eta 19:00etan aterako da kontzertu-egun bakoitzean.


Programa xehatua

Irailak 6 – Eñaut Elorrieta: Ateosteko Bira
Azken diskoaren aurkezpen biraren ondoren, abeslari bizkaitarrak proposamen intimo bati ekiten dio, non musika tenpluen eta ermiten arkitekturarekin uztartzen den. Ahotsarekin eta gitarrarekin, Elorrietak bere ibilbide osoko abestien errepasoa eskainiko du, ermitaren akustikarekin jolastuz eta harria eta memoria errezitalaren beraren zati bihurtuz.

Irailak 13 – Euskadi Brass: 10 urte. Soinuaren bidaia
Alberto Urretxoren zuzendaritzapean ospatuko du metal taldeak bere hamargarren urteurrena. Kontzertu batetik haratago, Euskadi Brassek hezkuntzarekin, kultur transmisioarekin eta euskal musikarekin duen konpromisoa erakusten duen soinu-ibilbidea izango da.  Entzuleek metalezko haize-instrumentuen potentziaz eta moldakortasunaz gozatu ahal izango dute, tradizioa eta berrikuntza batzen dituen errepertorio batean.

Irailak 20 – Cuarteto Iberia
Madrilen sortu zen 2018an, eta laukoteak nazioarteko aintzatespena lortu du, bere moldakortasunari eta interpretazio-zorroztasunari esker. Espainian eta Europan ganbera-musikako lehiaketa ugari irabazi dituzten lau musikariek errepertorio klasikoko maisulanak eta begirada freskoa eta gaurkotua uztartzen dituen programa bat eskainiko dute Antioko ermitan.

Irailak 27 – Elena Sancho (sopranoa) eta Teodora Oprisor (pianoa)
Soprano donostiarra, nazioarteko ibilbide nabarmenarekin, Gipuzkoara itzuliko da zikloari amaiera emateko. Pianoan Teodora Oprisor lagun duela, Sanchok errepertorio lirikoko eta ganbera-errepertorioko pieza handiak jasoko dituen programa bat interpretatuko du, Gipuzkoako talentuaren kalitatea eta proiekzioa erakutsiz.

Urriak 4– Sagel taldea: Itsaso bat esku artean
Ezkioko Igartubeiti baserrian, 18:00etan.

 

Irailaren 6ko kontzerturako Antioko ermita 18:30en itxiko da eta 19:00etan irekiko da berriro kontzertura sartzeko.

Aforo neurriak irmoki mantenduko dira.