Eduki publikatzailea
Atzealdea EITZAGA BERRIKO 108 ETXEBIZITZA SOZIALAK BANATU DIRA, BESTE URRATS BAT ETXEBIZITZA ESKURATZEKO ZUMARRAGAREN KONPROMISOAN
2026·04·23

Atzo goizean Zelai Ariztin egin zen Antigua Etorbidea 18, 20 eta 22 zenbakietan kokatutako 36 alokairuko etxebizitzen giltzen banaketa, Eizagaberri eremuan. Ekitaldi honekin amaiera eman zaio Zumarragako eremu honetan sustatutako 108 babes ofizialeko alokairuko etxebizitzen promozioari, udalerrian etxebizitza duina eskuratzeko bidean aurrerapauso estrategikoa suposatzen duen proiektuari.
Zumarragako alkate Mikel Serranok azpimarratu du ekimen honen garrantzia: “Gaur ez ditugu soilik etxebizitzak banatzen; familia askorentzat bizi-etapa berriak irekitzen ditugu. Hau Zumarragako Udalak 2018tik egiten duen apustu argia da, etxebizitzaren egoerari erantzuteko, bereziki gazteen artean, eta urrats sendoak emanez Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, udalerri gisa ditugun erronkei aurre egiteko”.
Jarduketa hau hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker gauzatu da. Proiektua Eusko Jaurlaritzak sustatu du, Visesa sozietate publikoaren bidez, eta Alokabidek kudeatzen du. Era berean, Espainiako Gobernuak parte hartu du Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidezko finantzaketarekin. Zumarragako Udalak, bere aldetik, funtsezko eginkizuna izan du lurzoru publikoaren lagapena eginez eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (ICIO) %95eko hobaria aplikatuz, sustapena errazteko.
Ekonomiari dagokionez, jarduketaren inbertsio oso eguneratua 12.275.588,21 eurokoa izan da. Horietatik 4.653.371,98 euro Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu dira, guztizkoaren ia %38. Obraren kontratazio-aurrekontuak 10 milioi euroak gainditu ditu, eraikuntza eta urbanizazioa barne hartuta.
Atzo banatutako 36 etxebizitzek iazko abenduan entregatutako beste 72 etxebizitzak osatzen dituzte, guztira 108 etxebizitza babestu alokairuan. Etxebizitzek bi eta hiru logela dituzte, baita egokitutako unitateak ere, eta jasangarritasun eta energia-eraginkortasun irizpideekin diseinatu dira, Zumarraga jasangarriago baten alde eginez.
Udaletik azpimarratzen da hau dela administrazio publikoek jarraitu beharreko bidea: elkarlanean aritzea eta sinergiak sortzea, herritarren benetako beharrei erantzuteko.
Era berean, nabarmendu nahi da bultzada hau ez dela hemen amaitzen. Zumarragan etxebizitza publikoaren aldeko konpromisoak aurrera jarraitzen du jada martxan dauden beste 68 etxebizitzarekin: 24 zuzkidura-apartamentu Z-5.6 Faustino Orbegozo Fundazioa eremuan, 2028rako prest egongo direnak, eta beste 44 babes ofizialeko etxebizitza alokairuan, Forjas lantegi zaharraren lurretan, 2030erako aurreikusita daudenak.
Guztira, Zumarragak 176 etxebizitza publiko bultzatzeko apustu irmoa sendotzen du, etxebizitza duina eskuratzeko aukerak indartuz, bereziki gazteentzat eta familientzat.
Zumarragako Udaletik zorionak eman nahi zaizkie beren etxebizitza berrien giltzak jaso dituzten familiei, eta berretsi egiten da Zumarraga irisgarriago, kohesionatuago eta etorkizunekoago bat eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa.

