Eduki publikatzailea

Atzealdea EITZAGABERRIK 108 ETXEBIZITZA PUBLIKOEN PROIEKTUA AMAITU DU ETA ZUMARRAGAN ETXEBIZITZA ESKURAGARRIAREN ALDEKO APUSTU HISTORIKOA SENDOTU DU

Mikel Serrano alkateak, Estatuko idazkariarekin eta Jaurlaritzako sailburuarekin batera, azken 36 etxebizitzak bisitatu ditu apirilaren 24ko entregaren aurretik

2026·02·11


EITZAGABERRIK 108 ETXEBIZITZA PUBLIKOEN PROIEKTUA AMAITU DU ETA ZUMARRAGAN ETXEBIZITZA ESKURAGARRIAREN ALDEKO APUSTU HISTORIKOA SENDOTU DU

Mikel Serrano alkateak, Estatuko idazkariarekin eta Jaurlaritzako sailburuarekin batera, azken 36 etxebizitzak bisitatu ditu apirilaren 24ko entregaren aurretik

Zumarragak gaur, 2026ko otsailaren 11n, azken urteetako etxebizitza arloko proiektu estrategikoenetako baten mugarri berri bat bizi izan du. Mikel Serrano alkateak, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarekin, David Lucas Espainiako Gobernuko Etxebizitza eta Hiri Agendako Estatu idazkariarekin, Marisol Garmendia Euskal Herriko Estatu ordezkariarekin, Patricia Val Hevia Alokabideko zuzendari nagusiarekin eta Visesako ordezkariekin batera Eitzagaberriko sustapen publikoko azken 36 etxebizitzak bisitatu dituzte.

Alokabidek kudeatutako alokairu sozialeko 36 etxebizitza hauek apirilaren 24an entregatuko dira, eta horrela osatuko da Eitzagaberrin sustatutako 108 babes publikoko alokairu etxebizitzen proiektua. Lehenengo 72 etxebizitzak joan den abenduaren 18an entregatu ziren, eta gaur egun 70 familia baino gehiago bizi dira dagoeneko eremu berritu honetan.

2018an hasitako bide estrategikoa

Gaurko bisitak urteetako lanari ematen dio amaiera. 2018an, Zumarragako Udalak hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolarekin, Eitzagaberriko sustapenaren oinarriak ezarriz.

Ordutik hona, lurzoruaren lagapena, plangintza urbanistikoa, finantzaketa eta erakundeen arteko lankidetza beharrezkoak izan dira proiektua gauzatzeko. 2024ko otsailaren 2an, Isabel Rodriguez, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministroa Zumarragara etorri zen obren bilakaera bertatik bertara ezagutzera, proiektuaren garrantzia estatu mailan ere azpimarratuz.

Zortzi urteko ibilbidearen ondoren, Eitzagaberriko 108 etxebizitzak errealitate dira gaur.

Inbertsioa eta Next Generation funtsen ekarpena

Proiektuak 12.275.588,21 euroko inbertsio osoa izan du. Horietatik, 4.653.371,98 euro (%38 inguru) Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu dira, Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agendaren Ministerioaren bitartez bideratuta. Europako dirulaguntzaren %100a jaso da dagoeneko.

Sustapena Visesak garatu du, Eusko Jaurlaritzaren titulartasuneko lurzoruan —aurretik Zumarragako Udalak lagatakoa—, eta Udalak %95eko hobaria aplikatu dio ICIO zergari. Lankidetza instituzionalaren adibide argia da, herritarren beharrei erantzuteko.

108 etxebizitzak 36 etxebizitzako hiru blokeetan banatzen dira, 108 aparkaleku dituen garaje komun batekin lotuta. Guztira, 95 etxebizitza bi logelakoak dira eta 13 hiru logelakoak, horien artean mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutakoak. Martxoan entregatuko diren 36 etxebizitzen artean 32 bi logelakoak dira (horietatik bi egokituak) eta 4 hiru logelakoak. Etxebizitza guztiek terraza zabalak, aluminiozko fatxada aireztatua eta A kalifikazio energetikoa dute, eta berokuntza eta ur bero sanitario sistema guztiz elektrikoa, plaka fotovoltaikoekin lagundua.

Gazteentzat eta herritarrentzat benetako aukera

Zumarragan etxebizitza eskaria handia da. Etxebideren datuen arabera, 369 bizikidetza-unitate daude Zumarragari lotuta etxebizitza eskatzaile gisa, eta horietatik 300ek alokairua eskatzen dute. Eskatzaileen %48 36 urtetik beherakoak dira.

Datu horiek agerian uzten dute gazte askok Zumarragan bertan emantzipatzeko eta beren bizi-proiektua garatzeko duten beharra. Mikel Serrano alkateak azpimarratu du urte hauetan egindako lanari esker “gure gazteek eta familiek aukera erreala izango dutela etxebizitza eskuratzeko beren herrian bertan, errotzea eta etorkizuna hemen eraikitzeko”.

Etxebizitzaz harago: Eitzagaberriko eraldaketa integrala

Eitzagaberriko proiektua ez da soilik etxebizitza sustapena izan. Eitzagako errekaren afloramenduarekin eta ingurune osoaren berritzearekin lotutako eraldaketa urbanistiko integrala ere gauzatu da.

Errekaren berreskuratzeak, berdegune berriek, oinezkoentzako ibilbideek eta irisgarritasun hobekuntzek eremu degradatu bat auzo moderno eta bizigarri bihurtu dute. Uholde arriskuari aurre egiteko gaitasuna hobetu da, eta ingurune naturalago eta atseginagoa sortu da herritarren gozamenerako.

Etxebizitza estrategia zabalago baten parte

Eitzagaberrikoa ez da ekimen isolatua. Azken urteetan, Zumarragak babes publikoko etxebizitzen eskaintza handitu du Antzina Hiribidean eta Kalebarrenen, udalerriko etxebizitza parke publikoa sendotuz.

Gainera, beste jarduera batzuk ere aurreikusita daude:

  • Faustino Orbegozo eremuan 24 zuzkidura-bizitoki eraikitzea, 2026an obrak hasteko aurreikuspenarekin.
  • Forjas zaharraren lurzatian 44 alokairu babestuko etxebizitza, 2027tik aurrera gauzatzea aurreikusita.

Helburua argia da: etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea eta Zumarragan bizi nahi duten pertsonei aukerak eskaintzea.


 

Zumarragaren etorkizuna eraikitzen

Eitzagaberriko 108 etxebizitzen amaierak mugarri bat ezartzen du Zumarragako etxebizitza politikan. Etxebizitza bakoitzaren atzean bizi-proiektu bat dago, eta horrek herriaren errotzea, kohesioa eta etorkizuneko indarra sendotzen ditu.

Zumarragako Udalak lanean jarraituko du, etxebizitza eskuragarria lehentasun izaten jarrai dezan, herritarren beharrei erantzunez eta etorkizuneko Zumarraga eraikitzen jarraitzeko.