Eduki publikatzailea
Atzealdea EITZAGAKO IBARRAREN ERALDAKETA AMAITZEKO ZUZENBIDEAN SARTU DA
2025·09·26

EITZAGAKO IBARRAREN ERALDAKETA AMAITZEKO ZUZENBIDEAN SARTU DA
Gaur goizean Mikel Serrano alkateak obrak bisitatu ditu. Lanak oso aurreratuta daude, asfaltatze lanak martxan eta azken urbanizazio xehetasunak burutzen ari dira. Bi fasetan garatu den proiektua urria amaieran bukatuko da eta erabilerarik gabeko gune bat berreskuratuz, bizikidetzarako, aisialdirako eta naturarako eremu berri bihurtuko da.
Zumarragako alkatea, Mikel Serrano, gaur goizean izan da Eitzagako ibarra azaleratzeko eta ingurua urbanizatzeko obretan. Esan bezala, lanak oso aurreratuta daude, asfaltatze lanetan sartuta eta azken ukituak ematen. Aurreikuspenen arabera, urrian amaituko dira.
Bi fase erabilerarik gabeko espazio bat berreskuratzeko
Proiektua bi fasetan garatu da:
- Lehen fasean, izaera tekniko eta urbanistikoagoa izan zuen eta ibarra azaleratu zen, bere ibilbide naturala berreskuratuz, ur-gaitasuna handitzeko eta uholdeak saihesteko.
- Bigarren fasean, berriz, ingurua egokitu da, bizikidetzarako gune berriak, pasealekuak eta gune berdeak sortuz.
Lanaren eraginkortasuna dagoeneko agerian gelditu da: azken euri jasa handietan inguruko herriak uholdeek jo zituzten bitartean, Eitzagan ez zen uholderik gertatu, aurretik bai pairatzen zirenak guztiz konponduta gelditu direlarik.
Auzorako bizi-eremu berri bat
Interbentzio honi esker, erabilerarik gabeko —eta batzuetan gaizki erabilitako— eremu bat (trasteak eta auto abandonatuak botatzeko gunea izan zena) eremu atsegin eta irisgarri bihurtu da. Urbanizazio berriarekin batera, auzoko 108 etxebizitzek, baita auzoko gainerako bizilagunek ere, bide eta pasealeku berriak izango dituzte, irisgarritasuna eta barne-konexioa hobetuz eta gune berde naturalak txertatuz. Gainera, bi zubi berri egin dira ibarraren alde batetik bestera pasatzeko eta auzoaren atzealde osoa berrurbanizatzen ari da, tartean Antigua etorbideko 11tik 17ra bitarteko atzealdea eta 15 eta 17 zenbakien arteko eskailerak.
“Lan honekin degradatuta zegoen espazio bat berreskuratu dugu eta zumarragarren familientzako eta auzoko bizilagunentzako topaleku eta gozamen gune bihurtu dugu”, adierazi du Mikel Serrano alkateak bisitan.
Aisialdirako hiru gune eta klima babesleku bat





Proiektuaren alderdirik aipagarrienetako bat aisialdirako hiru gune sortzea da:
- Haur-parke bat, dagoenari jarraipena emango diona, desnibela aprobetxatuz eta elementu berriak txertatuz, hala nola txirristak eta eskalada eremua.
- Harrizko banku bat bidegorri berriarekin batera, auzoa zeharkatuko duena Eitzagako markesinatik hasita, atseden eta topaleku berri bat eskainiz.
- Klima babesleku bat, pergola eta bankuekin hornitua, auzoaren iragana gogora ekarriko duten elementuekin. Bertan zuhaitz-mimbrerak eta garbitzaileak irudikatuko dira, garai batean auzoan egiten zituzten jarduerak gogoratuz. Hori guztia, gainera, herritarren parte-hartzeari esker aberastu da, bizilagunen ekarpenek garbitzaileen memoria berreskuratu baitute, espazio hau berriz ere topaleku gisa biziberrituz.
Babeslekuak argazki historikoak jasoko dituzten panelak eta aska bat ere izango ditu, antzinako garbitegia gogoratuz.
Jasangarritasuna eta materialen berrerabilpena
Proiektua jasangarritasunaren eta berrerabilpenaren adibide ere bada. Esteban Orbegozo kaleko berrurbanizazioan bezala, non Euskadi plazako lauzak berrerabili ziren, kasu honetan lauzak berriz ere baliatuko dira klima babeslekua eraikitzeko, bigarren bizitza bat emanez.
Erakundeen arteko lankidetza eta aurrekontua
Lan honek guztira 800.000 euro inguruko aurrekontua du. Gipuzkoako Foru Aldundiak %62,5 finantzatzen du Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuaren bidez, eta gainerakoa Zumarragako Udalaren kontura doa. Bigarren fasearen adjudikaziodun enpresa Lurkide Hondalanak, S.L. da.
“Hau jasangarritasuna, segurtasuna eta bizi-kalitatea uztartzen dituen proiektua da. Zumarragak aisialdirako, memoriarako eta bizikidetzarako gune berri bat irabazten du, eta aldi berean auzoan uholdeen arazoari behin betiko irtenbidea ematen diogu”, amaitu du Mikel Serranok.

