Eduki publikatzailea

Atzealdea ENPLEGUA BIDERATZEKO ETA BERRITZEKO GIPUZKOAKO ZENTROA ZUMARRAGAKO GELTOKI ZAHARREAN KOKATUKO DA

Mikel Serrano: "OBZren instalazioak azken urteotan ezarri dugun apustu estrategikobati erantzuten dio, Zumarraga berrikuntzatik eraldatzen jarraitzeko".

2023·12·18


Joan den abenduaren 14an, osteguna, Idoia Mendia lehendakariordeak iragarri zuen Zumarraga izango dela Gipuzkoan Orientazio, Ekintzailetza, Laguntza eta Berrikuntza
Zentroa hartuko duen egoitza, eta Europako funtsekin finantzatutako 'Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana'-ren barruan SEPEk nazio mailan bultzatutako 20
zentro publikoen sarean parte hartuko duela, Euskadin egongo diren hiru zentroekin batera.

Mikel Serranoren ustez, Gipuzkoako OBZa Zumarragan kokatzea geltoki zaharreko eraikin enblematikoari erabilera soziala emateko ahalegin handiaren emaitza da. "Hasieratik argi geneukan eraikin honek Zumarragako herritarren ongizatean eta udalerriaren eta eskualdearen hobekuntza sozioekonomikoan eragin zuzena izango zuen proiektu bat izan behar zuela. Gure ustez, ekintzailetza- eta berrikuntza-zentro batek ezin hobeto erantzuten dio proiektu berritzaileak bultzatzeko gure helburuari, kasu honetan laneratzearen eta kalitatezko enpleguaren esparruan".

Zumarragako Udalak hainbat proiektu jarri ditu abian langabetuen eta egoera sozioekonomiko zaurgarrian daudenen enplegagarritasuna hobetzeko: enpleagagarritasun egoeran dauden 30 urtetik beherako gazteak; Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera eta/edo Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak; eta profesionalen beharrei erantzun zaie sektore batzuetan, hala nola, zaintzan, ostalaritzan, eraikuntzan eta beste batzuetan. Zumarragan, gizarteratzeko eta laneratzeko mahai bat ere sortu da, udalerriko sistema publiko eta pribatu guztiei gizarteratzearen eta laneratzearen esparruan modu koordinatuan lan egiteko aukera ematen diena.

Izan ere, Mikel Serranoren arabera, "beti egon gara udalerriko enpresen eskaerei adi, bereziki, enpleguaren arloan. Horregatik, Zumarragan OBZa instalatzeak berrikuntzari
eta kalitatezko enplegua sortzeari laguntzeko prozesu hori guzta burutzera darama”.

Bestalde, zentro hau herritarrentzat hain enblematikoa den eraikin batean kokatzeak proiektuari dagokion gehigarria da. 2024an, Zumarragako geltoki zaharraren eta
inguruaren obrak jarriko dira martxan, eta zaharberritze eta berrurbanizazio sakona egingo da.

Bitartean, Zumarragako OBZk Kulturetxeko udal-instalazioetan funtzionatuko du. Bertatik arrakastaz entseatu dira Lanbideren zerbitzuetan sartu diren programak,
etorkizunerako ideia eta proposamen askoren iturria izanik.