ESTEBAN ORBEGOZO PASEALEKUAK IRISGARRITASUN HOBEA DU
2022·07·22
ESTEBAN ORBEGOZO PASEALEKUAK IRISGARRITASUN HOBEA DU
Gaur goizean, Mikel Serrano Zumarragako alkatea Esteban Orbegozo pasealekura joan da, bertako irisgarritasuna hobetzeko lanen amaieraren berri emateko.
Mikelek azaldu duenez, “eskatutako irisgarritasun-irizpideekin hornitu da auzoa, saneamendu-sare hobearekin, estetika gaurkotuagoarekin eta atseginagoarekin, argiztapenaren eraginkortasun eta banaketa hobearekin, mugikortasun hobearekin, hondakinekin jasangarritasun handiagoarekin eta lehen zeudenak baino berdegune zabalagoekin”.
Construcciones M.B. Antio S.L.L.k egindako obra horiek martxoan hasi ziren, eta, beraz, 4 hilabete inguruko iraupena izan dute; guztira, 301.471,22 €-ko kostua izan dute, BEZa barne.
Oro har, Esteban Orbegozo pasealekuko 7. ataritik 1. zenbakira dagoen eremua modernizatzen eta irisgarritasunari buruzko araudi honetara eguneratzen jardun du, Ciudad Jardinerako sarbidearekin lotzen diren eskaileretatik jarraituz, eta hortik Beloki pilotalekuaren albotik igotzen diren eskaileren iritsiera-eremuraino. Horretarako, honako zeregin hauek egin dira:
- Inguru horretan dauden baldosa guztiak eta zolata gehienak eraitsi eta altxatu dira – baita eskailera eta zintarri guztiak ere – zoru berrituak sortzeko; horrela, inguruan dauden komunitate guztiei irisgarritasuna emanez lehen eskailera-mailak zeuden tokietan. Horretarako, lerrokadura berriak sortu dira granitozko lorategi-zintarrien bidez.
- Saneamendu-sare berri bat proiektatzeko aprobetxatu da, dagoena hobetuz. Sare horrek, atariei atxikitako eremu osoan, arrain-hezur formadun ezkutuko kanaletak ditu, bertako euri urak jaso eta bideratzeko.
- Harrizko horma ere berreskuratu egin da, proiektatutako hareaz garbitu eta harrien arteko hutsuneak morteroz betez. Era berean, hormigoizko estalki jarraitu berri bat jarri zaio, barruko alde osoa hartzen duena. Hormaren goiko aldean zegoen hareharria ere berreskuratu da, orain arte ikusten zen morteroak estali aurretik zegoena.
- Eskaileraren oinean zegoen farola aldatu egin da, altuera txikiagoko eta LED moduko beste batengatik. Era berean, eskaileran dauden farolen zutoinak ere aldatu dira eta komunitateen aurreko plazetako farolak margotu eta birkokatu egin dira.
- Baranda berriak ere jarri dira behar diren leku guztietan, corten altzairu hankez eta barrotez eta altzairu herdoilgaitzezko eskudelez osatuak.
- Lorezaintzari dagokionez, dauden lorategiak handitu egin dira lerrokadura berrien ondorioz, baita eskaileraren oinean lorategi-gune berri bat sortu ere. Horrez gain, dauden eremuak hobetu egin dira: horren adibide da 1. atariaren ondoan dagoen lorategian sortutako egonaldi-eremua, zeinak orain harrizko lauzak baititu, ibilbide bat eta bizilagunentzako egonaldi-gune bat osatuz.
- Hiri-altzariei ere arreta jarri zaie, dauden paperontziak gaikako bilketako bloke berriekin ordezkatuz, dauden bankuak konponduz eta birkokatuz eta eskaileraren gainaldean dagoen iturri berri bat sortuz.