Eduki publikatzailea

Atzealdea ETORKIZUN IRAUNKOR BATERAKO IDEIA BERRITZAILEAK: IKASLEEK BERE PROPOSAMENAK AURKEZTU DIZKIE UDALEI

Urretxu eta Zumarragako ikastetxe guztietako ikasleek etorkizun iraunkor eta osasungarriago baterako proposamenak partekatu dituzte, herritarren partaidetza sustatzeko egindako apustua eta gazteen inplikazioa balioan jarri dituen ekitaldi batean.

2025·05·27


Gaur goizean, Zelai Arizti kultur etxean ospatu da Eskola Agenda 2030aren Eskola Foroa, eta aurtengo edizioan aldaketa klimatikoa eta aterpe klimatikoak izan dira ardatz nagusia, osasunean eta ongizatean duten eragina azpimarratuz. Ekitaldian Gainzuri, La Salle, Joxe Mari Iparragirre Institutua, Urretxu-Zumarragako Ikastola eta Lizeoko ikasleek hartu dute parte, eta ikasturtean zehar egindako lana eta proposamenak aurkeztu dizkiete bi herrietako ordezkari tekniko eta politikoei.

Zumarragako alkate Mikel Serranok, Urretxuko Hiri Antolamendurako zinegotzi Igor Zubillagak eta bi udalerrietako ingurumen teknikariek adi entzun dituzte ikasleen hausnarketak eta konpromisoak. Gazteek jorratutako gaien artean nabarmendu dira espazio publikoak fenomeno klimatiko muturrekoetara egokitzeko beharra, berdeguneen hobekuntza eta herritarrak klima-aldaketaren ondorioez sentsibilizatzearen garrantzia.

Mikel Serranok ikasleen ekarpenak eskertzeko hitza hartu du, euren balioa eta erabilgarritasuna azpimarratuz: “Proposamen oso interesgarriak ekarri dizkiguzue, eta ez ditugu kontuan bakarrik hartuko, martxan jarriko ditugu ere: asko dagoeneko martxan daude. Etorkizun hori eraikitzen ari gara, zuentzat eta zuek nahi duzuen etorkizuna izan dezauen”, adierazi du.

Zumarragako alkateak hainbat jarduera aipatu ditu adibide gisa: Ibaiondo kalea berrurbanizatzea, 1.200 m²-ko ekopabinamentua barne, %73ko kutsadura murrizteko gaitasunarekin eta ibai ondoko berdegune berriarekin; baita Jai Alai eta Legazpi kaleetako esku-hartzeak ere, irisgarritasuna eta espazio atseginen sorrera lehenesten dituztenak. Halaber, egun gauzatzen ari den Eitzagatik doan errekaren azaleratzea ere aipatu du, inguruan berdegune zabalak eta aisialdirako guneak izango dituen jarduera gisa.

Bestalde, Igor Zubillagak Urretxun ere norabide berean lan egiten dutela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie ikasleei egindako lanagatik eta aurkeztutako ideiengatik.

Eskola foroa ez da izan soilik hausnarketa gune bat, baizik eta hezkuntzaren, kontzientzia ekologikoaren eta herritarren parte-hartzearen garrantzia erakutsi duen beste adibide bat. Zumarragan etorkizuna ere eraikitzen dugu, bizi beharko dutenen ahotsa ere entzunez: gazteena.