Eduki publikatzailea

Atzealdea ETXEZ ETXEKO DOAKO ENTREGA ZERBITZUARI BURUZKO INFORMAZIO SAIOAK ZUMARRAGAN

Zerbitzu irisgarria, jasangarria eta herritar guztientzat pentsatua

2025·02·18


Zumarragako Udalak tokiko merkataritza sustatzearen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzearen alde egiten jarraitzen dugu. Horretarako, datorren otsailaren 20an bi informazio saio egingo dira, herriko dendetan egindako erosketak etxera eramateko doako zerbitzuaren inguruan.

Saioak honako ordutegi eta lekuetan burutuko dira:

  • El Salvador Gizarte Etxea – 16:30
  • Gure Txoko jubilatuen etxea – 18:30

Zerbitzu hau herritar guztientzat pentsatuta dago, murrizketarik gabe, eta tokiko kontsumoa erraztea eta erosketak etxean jasotzeko alternatiba eroso eta iraunkorra eskaintzea du helburu. Informazio-saioak espazio horietan programatu dira, gure ustez, adinekoentzat edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzat bereziki interesgarriak izan daitezkeelako, baina interesa duen edonork bertara jo dezake eta haren funtzionamenduari buruz gehiago jakin.

Saioetan, banaketaz arduratzen den Txita enpresako pertsona batek, bi guneetako dinamizatzailearekin batera, zerbitzuaren funtzionamendua azalduko du, zalantzak argituko ditu eta adibide praktikoak aurkeztuko ditu, bertaratzen direnek bertatik bertara ezagutu dezaten sistema horrek nola erraztu dezakeen beren egunerokoa.

Nola lagundu diezazuke zerbitzu honek?

  • Pisua hartzeko zailtasunak dituzu? Erosi merkatuan edo zure betiko dendetan, eta jaso zure erosketa etxean, ahaleginik egin gabe.
  • Zaila egiten zaizu lekuetara joatea edo ez duzu denborarik? Eskatu zure erosketa telefonoz eta utzi saltokiari entrega-zerbitzua kudeatzen.
  • Tokiko merkataritza bultzatu eta modu jasangarriagoan kontsumitu nahi duzu? Banaketa bizikleta elektrikoarekin egiten da, ingurumen-aztarna murriztuz.

Horrez gain, Zumarragak Klik eta Jaso sistema ere baduela gogoraraziko da, eguneko 24 orduetan, asteko 7 egunetan, eskuragarri dagoen leihatila-zerbitzua, herritarrek beren erosketak nahi dutenean jaso ditzaten.

Herritar guztiei irekita daude saioak, beraz, xehetasun gehiago jakin nahi duen edonor gonbidatuta dago bertara.