Eduki publikatzailea
Atzealdea EUSKARA ZERBITZUEK UDAZKENEKO“AROZ ARO” AURKEZTU DUTE.
2025·09·11

EUSKARA ZERBITZUEK UDAZKENEKO“AROZ ARO” AURKEZTU DUTE.
Ekitaldi askoren artean, Gau Beltzari lekutxoa egin nahi zaio udazken honetako egitarauan, baina berrikuntza gehiago ere izango dira.
Urretxuko eta Zumarragako Udaletako Euskara Sailek udazkenerako antolatuko dituzken egitarauaren berri eman dute. Alex Gonzalez eta Josu Idigoras Euskara Batzordeburuak hainbat elkarte eta entitateetako ordezkariek lagunduta egin zuten aurkezpena. Argazkian, ezkerretik hasita: Taupa Mugimenduko Maite Agirre, UZUE udal euskaltegiko Marijo Etxeberria, Bitartean elkarteko Beatriz Fernandez, eta Goiena Komunikazio taldeko Aitor Agiriano, besteak beste.

Hasteko, irailaren 18an -osteguna-, Jon Plazaolaren bakarrizketa berriaren estreinaldia izango da: “AA Aita”. Labeaga aretoan, 19:00etan. Sarrerak agortuta.
Iraila matrikulazio garaia izaten da euskaltegian, eta Marijo Etxeberriak Urretxu-Zumarraga Udal Euskaltegiko eskaintzaren berri eman du. Alde batetik, ohiko euskaltegiko taldeak A0 mailatik C1era, bai tituluak helburu dituzten taldeak bai bestelakoak. Horiez gain, euskaltegitik kanpo astean behin kafetxo bat hartuz elkartzen diren Mintzalagun taldeak, aurten eskaintza berri batekin hika lantzeko mintzalagun taldeak eskainiko dira. Horiez gain, euskarazko irakurketa taldea ere martxan hasi da eta urriaren 5ean Miren Amurizaren “Pleibak” liburuari buruz arituko dira Zelai Ariztiko liburutegian bertaratu nahi duenarentzat. Horiek eta gehiago dira Udal Euskaltegitik bideratzen direnak, baina informazio gehiagorako, jo bertara edo deitu 943723310ra.
Jarraian, Taupa Mugimenduko Maite Agirrek “Euskararen Kriseilua” ekimenaren berri eman du. LH1eko ikasleen familiei zuzendua, euskararen kriseilua eskutik eskura etxez etxe pasatuko da familiek euskararen eta hizkuntzen inguruan hausnartu dezaten. Irailean eskainiko zaie familiei ekimenean parte-hartzeko aukera hori, urri-azaroan etxez etxe ibiliko dira kriseiluak, eta abenduaren 3an, familia guztiekin bildu eta ekitaldi goxo bat egingo da euskararen suaren zaintzaileentzat.
Atzetik, Goiena Komunikazio taldeko Aitor Agirianok hartu du Urretxu-Zumarragako “Kantari”ren bigarren edizioa aurkezteko. Kantari ez da lehiaketa bat, Kantariren helburua LH2-6 bitarteko neska-mutilek euskal kantak ezagutu, koreografiatxo bat prestatu eta jendaurrean eskaintzea da izartxoak bihurtuz egun batez. Aitorrek ondo azaldu bezala, emanaldi horrek, aurrez, gaztetxoak elkartu, antolatu eta entseiatzera daramatza, baita euskal kanta ba ikastera ere. Iaz, 125 gaztetxok hartu zuten parte, eta aurten, irailean hasiko dute izen-ematea ikastetxeen bidez, eta emanaldi handia azaroaren 29an izango da.

Urriarekin jarraituz, urriaren 15ean Zumarragako Udal Artxiboa ezagutzeko aukera izango da Antonio Prada historian doktore eta Zumarragako Udaleko artxibozainaren eskutik: “Artxiboko altxorrak”. Bertan, herriko bitxikeriez gain, euskararen ingurukoak ezagutuko ditugu. Izen ematea: labur.eus/artxiboraZ
Urriko azken astean, Gau Beltza aitzakia, Josu Ozaita antropologoaren bisita izango dugu urriaren 29an -asteazkena- Zelai Ariztiko areto nagusian Euskal Herriko Gau Beltzaren inguruan aritzeko. Batetik, 18:00-19:00etara gaztetxoentzako “Gau Beltza” liburua hartuko dugu aitzakia solasaldirako, eta, ondoren, 19:00-20:00 Gau Beltza Euskal Herrian hitzaldia eskainiko digu. Hurrengo egunean, urriaren 30ean -osteguna- Gau Beltzerako mozorroak egiteko tailerra eskainiko dugu 17:00-19:00etara Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian.
Abenduaren atarian, azaroaren 29a -larunbata- ospatuko dugu aurtengo Mintzodromoa Zelai Ariztin 11:00. Aurten ere, kafea, tertulia… eta sorpresaren bat edo beste.
Abenduan sartuta, beste berritasun bat, kasu honetan Bitarteanekin elkarlanean. “Street-scape” jolasa izango dugu herriko establezimenduetan. Parte-hartu nahi duten LH5-DBH4 bitarteko gaztetxoek pasaporte bat eskuratuko dute, eta hainbat saltokietan eskuratutako pistak argitu beharko dituzte pasaporte osatu eta sariak eskuratzeko. Azaroaren 17an aurkeztuko dugu ikastetxeetan eta udaletako webguneetan dinamika zehatzea.
Horiez gain, bi herrietako Euskara Batzordeburuek prentsaurrekoaren amaiera baliatu zuten Euskara Zerbitzuetatik bideratuko dirulaguntzen berri eman eta eskaerak egiteko epea urriaren 31n amaituko dela gogorarazteko.
Hori gutxi ez eta ikastetxeen bidez bideratzen diren gurasoentzako lehiaketak ere izango dira aurten ere Bitarteaneko 50 €ko bonoak banatuko direlarik.
Horrekin guztiarekin, euskara batzordeburuek gogorarazi dute bi udaletako euskara zerbitzuetako ateak zabalik daudela edozein zalantza edota proposamen jaso eta aztertzeko. Hemen Zumarragako:
Euskara Zerbitzua
Zumarragako udaletxean
Hori horrela, bertaratuei eskerrak emanaz, eta herritarrei Udazkeneko Aroz Aro eskainiz amaitu da prentsaurrekoa..

