Eduki publikatzailea
Atzealdea EUSKARALDIAN URRETXU-ZUMARRAGAKO EUSKARAREN KALE ERABILERAK GORA EGIN DU
2022·12·16
EUSKARALDIAN URRETXU-ZUMARRAGAKO EUSKARAREN KALE ERABILERAK GORA EGIN DU
Azken kale neurketako datuek (2021), %16,4an kokatzen dute Urretxu-Zumarragan euskaraz entzuten diren elkarrizketa kopurua. Metodo bera baliatuz, Euskaraldian ia %24 da euskara kalean.
Urretxu-Zumarragako Euskaraldiko Talde Motorrak deituta hainbat herritarrek Euskaraldiaren III. Edizioaren balorazioa egin zuten Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian.
Saioak bi helburu nagusi zituen: batetik, Euskaraldiak herrian utzitako datuen berri eman eta horrekin balorazioa egitea, eta, bestetik, Urretxu eta Zumarragako herritarrei eskerrak ematea egindako ahaleginengatik.
Zintzo-mintzoko Sara Bidartek aurkeztu zituen datu esanguratsuenak:
- Euskararen ezagutza Urretxu-Zumarraga (Eustat, 2022): %65
- Euskararen kale erabilera 2021ko datuak: %16,4
- Arigunedun entitate kopurua Urretxu-Zumarraga 2022: 151 entitate ariguneren batekin.
- Herritarren izen-emate kopurua 2022: 1737 urretxu-zumarragar.
- Belarriprest eta Ahobizi kopuruak 2022: 410 BP (%24) eta 1327 AB (%76)
- Kale neurketa berezia Euskaraldia 2022: %23,93
Datuak eskutan, talde txikiagoetan baloratu zituzten, eta Euskaraldiaren hurrengo edizioei begira zer mantendu eta zer aldatu zehazten saiatu ziren, ondoren, guztien aurrean partekatuz:
Horrekin, aurrera begira ere jarri ziren. Euskaraldiko hamabost egunak pasata zer geratu den galdetuz gero, azpimarragarria da bi herri hauetan dauden 151 arigunedun entitateen zerrenda, zeinak urte osoan herritarrei euskaraz egiteko gonbidapena luzatzen dien.
Horrekin guztiarekin, eskerrak eman zitzaizkien parte-hartzaile guztiei eta meriendatxo batekin jarraitu zuten aurrera begirakoen inguruan solasean.