Eduki publikatzailea
Atzealdea EUSKARAREN EGUN JENDETSUA URRETXU-ZUMARRAGAN
2025·12·05

EUSKARAREN EGUN JENDETSUA URRETXU-ZUMARRAGAN
Arratsaldeko bostetatik hasita herriko dendetatik Street Scape-a, ondoren Euskararen Kriseilua Labeaga aretoan, eta Zintzo-mintzoren ekitaldia Euskadi plazan.
Aurtengo abenduaren 3ko arratsaldea, hiru ekitaldik jantzi dute. Lehena, Bitartean merkataritza elkarteak eta Urretxu eta Zumarragako udalek antolatuta, arratsaldeko 17:00etan izan da, LH5-DBH2ko ikasleei zuzendutako Street Scape edo herrietako dendetako ginkana.
Street Scape ginkana:
Ginkana horretan, sei taldek eman zuten izena eta Urretxu-Zumarragako hamaika establezimendutatik pasatzea zuten erronka: Amane arropa denda, Zumardi inprimategia, Adats ileapaindegia, Xarmanki edergintza, Aixa fruta-denda, Stylo Gorane Dominguez ileapaindegia, Ormazabal bitxi denda, Intersport Loramendi, Lanbroa belardenda, Otxaran arropa denda eta Urdangarin ferreteria. Establezimendu bakoitzean zetorren pistari erantzunda asmatu behar zuten zein zen hurrengo denda. Muga: 18:00etarako guztiak Zumarragako Euskadi plazan elkartzea. Talde guztiak oso ondo aritu dira, eta denda bakoitzean eman dieten puzzle zatiarekin, aurtengo Bitarteaneko Eguberrietako irudia osatu ahal izan dute. Ondoren, talde bakoitzak, Urretxu eta Zumarragako Alex Gonzalez eta Daniel Jimenez zinegotzien eskutik Bitarteaneko 50 €ko bale bat jaso dute opari argazkian ikus litekeen bezala.
Euskararen Kriseilua

Urretxu eta Zumarragako udalek, Taupa mugimenduarekin elkarlanean, bigarren urtez euskararen transmisioan eragitea helburu duen Euskararen Kriseilua dinamikaren amaiera irudikatu dute Labeaga aretoan.
Udazken honetan ere, bi herrietako LH1eko ikasleen familietan eskuz esku pasatu duten euskararen kriseilua. Familia bakoitzak kriseiluaren sua zaintzeaz gain, etxe bakoitzen hizkuntzen erabileraren inguruko hausnarketa eragin nahi da, beste hizkuntzak bazterrean utzi gabe, euskararen inguruko konpromisoak hartzera gonbidatuz.
Azken ekitaldi honetan, hiru ikastetxeetako ikasleak eta familia elkartu dira Labeaga aretoan saio dinamiko batean euren diplomatxoa jaso, eta argazki bat atera eta etxera eramateko aukerarekin. Argazkian, aurtengo Kriseiluaren diplomadunak.
Zintzo-mintzoren ekitaldia

Azkenik, Urretxu-Zumarragako Zintzo-mintzo euskaltzaleen elkarteak antolatu eta udalek lagundutako ekitaldi jendetsua izan zen arratsaldeko 18:30etatik aurrera Euskadi plazako arkupe itxietan.
Bertan, Urretxuko festetatik abiatu zuten zapien kanpainari amaiera eman nahi izan zaio, eta, horrez gain, euskarak bizi duen egoeraren irakurketa egin zuten euskara elkarteko kideek, poesia errezitatu Gorka Erostarberen eskutik, musika “Olaia eta Amaiur”-en gitarra eta ahotik, Nerea Gabilondoren segidilla… eta mokadutxo bat hartzeko aukera ere eskaini zieten bertaratutako herritarrei.
Zintzo-mintzoren ekitaldiko argazkiak ikusteko: Euskaltzaleek Zumarragako azoka bete dute - Otamotz : Otamotz
Bukatzeko, zapiaren dinamikan herritarrek aukeratutako hitzak panel batean idatzi zituzten bertaratutako batzuek, eta Jordi Bermejok mural bihurtu zuen (irudia ikusgai). Zelai Ariztiko kultur etxera eman zuten, eta hantxe egongo da hurrengo bi asteetan.
Abenduaren 27an, Euskaltzaleon Kontseiluak antolatuko ekitaldirako antolatuko den autobusaren berri emanaz amaitu zen ekitaldia.

