Eduki publikatzailea
Atzealdea EUSKARAREN IKUSPEGITIK, KANPOTIK ETORRITAKOEI ESKER ONA
2022·10·14
EUSKARAREN IKUSPEGITIK, KANPOTIK ETORRITAKOEI ESKER ONA.
Asteazkenean aurkeztu ziren Badihardugu elkarteak jasotako testigantzak. Grabazio horietan, 1950-70 eta 2000-20 bitarteko urretxuar-zumarragarren bizipenak jaso dira.
Asteazkenean, urriak 12, Zelai Arizti aretoan "Bertakotzen" proiektua aurkeztu zen. Bi urteko lan honetan 10 elkarrizketa egin dira eta 17 elkarrizketatuk hartu dute parte. Ekitaldiaren helburua 1950-70 eta 2000-20 aldietan etorritakoen testigantzak biltzea izan da, horretarako belaunaldi ezberdinak elkartuz: aitona-amonak bilobekin, gurasoak eta seme-alabekin… transmisioaren garrantzia nabarmentzeko.
Ekitaldiaren lehen zatian, 1950-70 urteetako etorreren garaira joaten saiatu ginen. Urretxu eta Zumarraga zerbaitek bereizten baditu, nagusiki XX. mendearen lehen hiru laurdenetan etorri zen herritar kopurua izan zen. Ekitaldiari Gorka Hermosak eman zion hasiera, “Alabei” obrarekin, atzeko pantailak Urretxu-Zumarragako argazki zaharrak eskaintzen zituen bitartean. Horren ostean, Maialen Fidalgo eta Nerea Errasti Euskara zinegotziek bertaratutakoak agurtu, eta ekitaldia testuinguruan kokatu zuten, bide batez, eskerrak emanez herritar guzti-guztiek euskarari egindako ekarpenagatik, euskara jakin ala ez, belaunaldi hura izan baitzen, euren seme-alabak eskolaratzeko orduan ikastetxeei egindako eskaerekin, gaur egun guztiek euskaraz jasotzea heziketa, eta 40 urtetik beherako gazte ia denek euskara ulertzea.
Horrekin, elkarrizketen lehen laburpen bideoa (20 minutu) eskaini zen.
Bizipen partikularren ondoren, Antonio Pradak, udal artxibozain eta Historian Doktoreak, urte haietako ikuspuntu orokorragoa eman nahi izan zuen, zeinak “Zumarragarrak” izeneko bere liburuan xehatuta dauden errolda datuak.
Lehen etorrialdia jorratuta, bigarren aldiari ekin zitzaion, hau da, 2000-20 aldiei dagokiena, horretarako 20 minutuko laburpen bideoa eskainiz:
Ondoren, Maialen Fidalgok Muhammad Umair edo Omar elkarrizketatu zuen. Pakistandar gazteak bizitza hobe baten bila datozenek gaur egun bizi dituzten zailtasunen berri eman zuen.
Bi garaiak jorratuta, ekitaldia amaitzeko, Nerea Errastik eta Maialen Fidalgok elkarrizketa guztiak txukun katalogatuta eta azpititulatuta non dauden erakutsi zuten.
Horrekin, noski, eskerrak eman zizkieten elkarrizketetan parte hartu duten herritar guztiei, eta, herritar guztien testigantzak jasotzea ezinezkoa denez, herritarrei gonbidapena luzatu zieten, bakoitzak bere familian istorio horiek transmititzeko, belaunaldiartekotasunen altxor baitira.
Bi zinegotziek, azkenik, azpimarratu zuten bi udaletako euskara zerbitzuek lanean jarraitzen dutela euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko; eta, erabilerak izan duen azken beherakadaren ondorioz, bertan zeudenak animatu zituzten, lehen egin zuten bezala, euren ondorengoei euskara erabiltzera animatzeko, euskara guztion ondarea baita, norberak jakin ala ez.
Azken hitzak erabilera areagotzeko guztion elkarlana aldarrikatzeko baliatu zuten: ikastetxeak, udalak, Zintzo-mintzo, kultura, kirolak, aisia, merkataritza eta, noski, familiak. Bakarrik ezin badugu, ea guztiok elkarrekin.
Amaitzeko, elkarrizketatu, Badiharduguko kide eta udal ordezkariek argazkia atera zuten.