Eduki publikatzailea
Atzealdea GAZTERIA SAILAK ZABALDU EGIN DITU ZUMARRAGAKO GAZTEEK ARRETA PSIKOLOGIKOA JASOTZEKO LAGUNTZAK
2026·07·10

Laguntza ekonomikoaren lehen sei hilabeteetan bildutako datuek programa mantentzea gomendatzen dute, gazteen ongizate emozionala bermatzeko eta inork ere arrazoi ekonomikoengatik tratamendu psikologikoa jasotzeari uko egin behar ez izateko.
Programa berritu honetan egindako bi egokitzapenek bi helburu dituzte: alde batetik, tratamendu psikologikoa jasotzen duten 14 urtetik beherako adingabeen familien eskaerei erantzutea; eta, bestetik, saio psikologiko bakoitzaren kostuaren gutxienez heren bat arintzea.
Osasun Sailari egindako eskaera formala
Lehen sei hilabeteetako datuen arabera, laguntzaren xede den biztanleriaren %1,5 inguruk eskatu du dirulaguntza. Guztira, Zumarragako 36 gazte daude prozesu terapeutiko batean murgilduta, eta horietatik bi herenek intentsitate ertain edo handiko tratamendua jasotzen dute (hilean bi saio edo gehiago).
Laguntza bi hilean behin justifikatzen da, psikologoarengana joan izanaren egiaztagiriak eta fakturak aurkeztuta. Datuen arabera:
- 12 lagunek erabilera moderatua egin dute, bi hilean 2 eta 3 saio artean jasoz.
- 18 lagunek hamabostean behingo maiztasunarekin jo dute psikologo pribatura.
- 6 lagunek erabilera intentsiboa egin dute, zenbait kasutan astero joanez.
Datu horiek benetako, etengabeko eta jarraipena behar duen eskaera dagoela erakusten dutenez, Gazteria Sailak erabaki du laguntza-programa luzatu eta handitzeaz gain, osasun-sistema publikoari behin betiko irtenbidea eskatzea. Horretarako, Mikel Serrano alkateak eskaera formal eta zuzena helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, Zumarragako anbulatorioan psikologia arloko baliabide egonkorrak ezar ditzan.
Iñaki Mendiluce Gazteria zinegotziak gogorarazi duenez, «osasun arloko eskumena Osakidetzarena da erabat, eta udalaren esku-hartzea premiazko eta behin-behineko neurri gisa ulertu behar da». Proba pilotuaren emaitzek erakusten dute oztopo ekonomikoak murrizten direnean baliabide faltagatik edo estigmagatik askotan ezkutuan geratzen den behar bat agerian geratzen dela.
Hala ere, Mendilucek salatu duenez, «Goierri-Urola Garaiko ESIko Osasun Mentaleko Zentroan dagoen saturazioak eta profesionalen txandaketa handiak eragotzi egiten dute sistema publikoak erreferentziazko, egonkorra eta hurbilekoa izango den lehen arreta eskaintzea, aliantza terapeutikoa eta epe luzeko tratamenduarekiko atxikimendua bermatzeko».
Horregatik, Gazteria zinegotziak azpimarratu duenez, «Udalak Osasun Sailari eskatzen dio Zumarragako Osasun Zentroan komunitate- eta osasun-psikologiako profesionalak modu egonkor eta egituratuan ezar ditzala. Gobernu talde honek osasun sistema unibertsal, publiko, doako eta kalitatezko baten alde egiten du. Printzipio horiek adierazpen huts izan ez daitezen lanean jarraituko dugu, osasun mentala osasun fisikoa bezain garrantzitsua delako».
Epeak eta eskaerak
Eskaerak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean oinarri arautzaileak argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da (aurreikuspenen arabera, uztailaren erdialdean), eta 2026ko abenduaren 1era arte egongo da zabalik.
Eskaerak eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dira, eskatutako dokumentazioarekin batera. Besteak beste, banku-kontuaren titulartasun-agiria aurkeztu beharko da, eta adingabeen kasuan, familia-liburua edo tutoretza nahiz kuradoretza ebazpena.
Laguntzak jasotzeko justifikazioa egindako saioen fakturak aurkeztuz egingo da. Uztaila, abuztua eta iraila bitarteko fakturak urriaren 1etik 10era aurkeztu beharko dira; urria, azaroa eta abendukoak, berriz, 2027ko urtarrilaren 1etik 10era.
Bai eskaerak, bai justifikazio-dokumentazioa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Herritarren Arreta Bulegoan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

