Eduki publikatzailea

Atzealdea GIPUZKOAN GAZTE TOUR ZUMARRAGARA IRITSIKO DA URRIAREN 16AN ETA 17AN

Leire Dallasek dantza masterclass bat eskainiko du urriaren 16an, eta Hazas, Celi eta Zatekeen Erromeria izango dira urriaren 17ko musika jardunaldiko protagonistak.

2026·10·09


Gipuzkoan Gazte Tour Zumarragara iritsiko da datorren urriaren 16an eta 17an, nerabeei eta gazteei musika, dantza eta kultura garaikidea hurbiltzeko proposamen berri batekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak, udalekin eta tokiko eragileekin lankidetzan, sustatutako ekimenak ibilbide sendotua duten artistak, sortzen ari diren artistak eta tokiko KM0 talentua uztartzen ditu, baita gazteei arte diziplina desberdinak zuzenean ezagutzeko aukera ematen dien hezkuntza programazioa ere.

Goizane Álvarez Kultura eta Gazteriako diputatuak nabarmendu duenez, Gipuzkoan Gazte Tourrek «gazteekin eta gazteentzat pentsatutako kultur espazioak sortu nahi ditu, haien interesekin eta egunerokoan erabiltzen dituzten adierazpide berriekin lotuta».

Álvarezek azpimarratu du, halaber, «ez dugula nahi gazteak ikusle hutsak izatea. Parte hartzeko, sortzeko, ikasteko eta gaitasun berriak ezagutzeko espazioak izatea nahi dugu. Kultura adierazteko, beste pertsona batzuekin elkartzeko eta komunitatean modu aktiboan parte hartzeko tresna ere bada».

Bestalde, Iñaki Mendiluze Zumarragako Gazteriako zinegotziak honako hau azaldu du «garrantzitsua da gure gazteek beren herrian bertan kulturaz gozatzeko, zaletasun berriak ezagutzeko eta esperientziak partekatzeko aukerak izatea. Gipuzkoan Gazte Tourrek haien interesekin bat egiten duten musika eta arte proposamenak hurbiltzeko aukera ematen digu, eta, aldi berean, tokiko talentuari ikusgarritasuna emateko. Zumarraga gazteek adierazteko, parte hartzeko eta herriko kultur bizitzako protagonista sentitzeko lekua ere izatea nahi dugu».

Programazioa urriaren 16an hasiko da, Gure Txoko kultur zentroan, Leire Dallas dantzari eta sortzaileak eskainiko duen masterclass batekin. Dallas hiri dantzarekin eta dantza komertzialarekin lotutako artista da. Bere lanak teknika, interpretazioa eta presentzia eszenikoa uztartzen ditu, gaur egungo hizkuntza eta joerekin lotura estua duen proposamen baten bidez.

Masterclass-era izen ematea

Saioan zehar, parte-hartzaileek haren lan metodologia ezagutzeko, hiri dantzako hainbat tresnatan sakontzeko eta sektoreko profesional batekin zuzenean prestakuntza esperientzia bat bizitzeko aukera izango dute.

Zuzeneko musika Izazpi estalgunean

Urriaren 17an, Gipuzkoan Gazte Tour Izazpi estalgunera lekualdatuko da, eta bertan egingo da musika programazioa.

Protagonistetako bat Hazas izango da, 2024an Lasarte-Orian sortutako musika proiektua. Hiri soinuak, popa eta rocka uztartzen ditu, zuzeneko emanaldietarako bereziki pentsatutako eta gazteekin lotura duen proposamen batekin. 2024ko udan lehen kontzertuak eskaini zituenetik, proiektua hazten joan da eta hainbat agertokitan aritu da.

Egitarauan Celi eta Zatekeen Erromeria ere izango dira. Azken horrek tokiko KM0 talentua ordezkatuko du Zumarragako hitzordu honetan.

Zatekeen Erromeriaren parte-hartzeak Gipuzkoan Gazte Tourren helburu nagusietako bati erantzuten dio: ibilbide desberdinetako artistek agertokia partekatzea eta udalerri bakoitzari zuzenean lotutako talentuari ikusgarritasuna eta aukerak eskaintzea.

Horrela, Gipuzkoan Gazte Tourrek gazteak ikusle hutsak izango ez diren eredu baten alde egiten du, kulturan modu aktiboan parte hartu, arte adierazpide berriak ezagutu eta elkartzeko nahiz adierazteko espazio propioak aurki ditzaten.

Abian jarri zenetik, proiektuak gazteen iritziak entzunez osatu du bere programazioa, sare sozialen, zundaketen eta inkesten bidez. Horrela, haien interesekin eta kultura joera berriekin lotutako proposamenak txertatu ditu.

Zumarragako hitzordu berri honekin, Gipuzkoan Gazte Tourrek kultura gazteei hurbiltzeko eta Gipuzkoako kultur bizitzan parte-hartze aktiboa izan dezaten espazioak sortzen jarraitzen du.