Eduki publikatzailea
Atzealdea

GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO “AUKERAK ERAIKIZ” PROIEKTU PILOTUAREN AMAIERA.

Proiektu hau Next Generation EU funtsen bidezko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago. Kasu honetan, Lan eta Enplegu sailaren bidez iristen dira Euskadira.

2023·10·27


Ekitaldian izan ziren: Mikel Serrano Zumarragako alkatea; Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua; Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea; Rosa Maiza Ekonomia Sustapen, Toki Garapen eta Berrikuntzako zinegotzia; Francisco Pedraza Labideko zuzendari nagusia; Hirune Iraola UGLEko enplegurako prestakuntzako arduraduna; Estibaliz Aguirre Lanbideko Gizarteratze Zerbitzuko teknikaria; Iñigo Luzarraga Zumarragako Lanbideren bulegoko arduraduna; eta Darius Calim Moldovan eta El Hassan Aharran proiektua egin duten herritarrak.

Alkateak azaldu zuenez, "duela urtebete hasi genuen proiektua Idoia Mendia lehendakariordea buru duen sailetik, eta orain amaitzen da. Udal brigadarentzat biltegi hori gauzatzeaz gain, erakundeen arteko lankidetzak ere badu bere balioa. Horrela, Administrazio eta Toki Erakundeoi, Udalari adibidez, indar handiagoa ematen digu proiektu handiak aurrera eraman ahal izateko. Eta baita “Ekonomia Berreskuratu eta Eraldatzeko Proiektu Estrategiko (PERTE delakoak)” hauentzat izan diren Europako funtsak eskuratu ahal izateko ere. Proiektu hau Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) edota Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera (BGDS) jasotzen duten eta langabezian urtebete baino gehiago daramaten pertsonei zuzendua dago”.

 

Zumarragaren kasuan, udalerriko langabetu guztien % 15 inguru da. Beraz, prestakuntza hobetzea funtsezkoa da lan duin eta iraunkor baterako aukerak lortzeko.

 

"Zumarragako Udalak horrelako ekimenetan parte hartzeko aukera paregabea izan du eta ezin zuen pasatzen utzi. Duela bizpahiru urte, Udalak diagnostiko bat egin zuen, eta bertan sektore horien (iturgintza, mantentze-lanak, instalazioa, etab.) zahartzea eta belaunaldien arteko erreleborik eza agerian geratu zen. Gainera, Zumarragan erreferentziazko prestakuntza eta trebakuntza zentro bat dugu: UGLE" adierazi zuen alkateak.

 

Proiektu honetan bederatzi pertsona prestatu dira. Urtebetez, prestakuntza eta enplegua uztartu dituzte, eta, horretarako, UGLEren laguntza izan dugu, bai prestakuntza-prozesuan, bai kontratazioan.

Lehenengo bi hilabeteetan honako profesionaltasun-ziurtagiri hauek egin dira:

- Iturgintza eta etxeko berokuntzako eta klimatizazioko aparatuak instalatzea

- Eraikuntzako estaldura jarraituen eragiketa osagarriak.

- Dekorazio-pinturako lanen hasiera.

 

Ondoren, Zumarragako Udalak 10 hilabetez kontratatu ditu "gaur egun ia amaituta ikusten dugun udal biltegi honetan aldagelak egiteko. Horrek aukera emango die ziurtagiri profesional bat lortzeko eta lan-merkatuan modu lehiakorragoan kokatzeko, proiektu honen benetako helburua horixe baita " azaldu zuen Mikel Serranok.

 

Proiektuaren kostua, guztira, 280.680 €koa izan da; horietatik, Lanbidek 236.512 € jarri ditu eta Zumarragako Udalak 44.168 €.

 

Irailean, Zumarragak azken urteetako langabezia-tasarik txikiena lortu du: % 10,38 (2015ean % 15,78an geunden).

 

"Gure lehentasunak beti egon dira argi: Alkatetza hau eta baita Gobernu taldea ere beti egongo dira egoera zailenean daudenen ondoan, kasu honetan, kalitatezko enplegua lortzeko".

 

2015az geroztik, Zumarragako Udalak 50 pertsona baino gehiago kontratatu ditu: Lanbideren laguntzen bidez, zuzenean edo zeharka, eskualdearen bitartez, Enplegurako Tokiko Ekintzetarako laguntzen edo Gazte Bermerako Programen babespean. Guztira, 1.142.635 €ko gastua eragin dute laguntza horiek. Horietatik, Lanbidek 700.130€ jarri ditu deialdien bidez, eta Zumarragako Udalak 442.505 €. Horren balantze oso ona da, bai gure udalerriarentzat, eta, zer esanik ez, programa horien onuradun izan diren pertsona guztientzat.

 

Amaitzeko, Alkateak eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari, eta "gure helburua Sail honekin lanean jarraitzea da, gure udalerriko langabezia-tasa murrizteko, gure herritarrei kalitatezko enplegua eskaintzeko, eta talentu gaztea atxikitzeko aukera emango diguten proiektu guztietan parte hartzeko, hartara -behin prestatuta- beren lan-bizitzako proiektua Zumarragan gara ditzaten".

Lan eta Enpleguko Sailburuak Alkateari eskerrak eman dizkio emandako laguntzagatik eta pertsonak enplegurako eta duintasunerako berreskuratzeko nahiagatik. "Horixe izan da proiektu honen helburua. Gure kaleen errealitatera hurbiltzeko beste modu bat. Denbora daramagu elkarrekin lanean Tokiko Enplegu Planekin enplegua hazteko. Baina orain Europa ekartzen dugu gure herrietaraino, Zumarragaraino. Eraiki nahi dugun eredu horren protagonistak zarete. Inor atzean uzten ez duen eredu" ziurtatu du sailburuordeak.

Azpimarratu duenez, "enplegu-zifrak onak dira, historikoak, eta egiturazko enplegua murrizteko lan egiten da".

Aurten proiektu pilotu hau egin duten bederatzi langile berriei dagokienez, "prestakuntza eta kontratu bat irabazteaz gain, proiektu honek zerikusi handia du pertsonen duintasunarekin, ahalduntzearekin. Gaur ez da ezer amaitzen. Hemendik aurrera, Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoak lagunduko dizue lan-merkatuan erabat sartzen ".

 

Izan ere, datorren hilean onartuko den Enplegu Legeak udalek dagoeneko betetzen duten zeregina aitortuko du, baina are gehiago: "zuen bizilagunek, zuen enpresek, behar dutena hobeto planifikatu ahalko dugu, proiektuak finantzatuz eta beteko direla bermatuz”.

 

Amaitzeko, Idoia Mendiak zorionak eman dizkie "lanera itzultzeko lehen urrats hau egitea lortu duzuenoi, eta horretarako lan egin duzuen Lanbideko teknikarioi, eta bederatzi langile berri hauei lagundu diezuen eta laguntzen jarraituko duzuen guztioi. Baita Alkateari eta haren lantaldeari ere, Lan eta Enplegu Sailean ere partekatzen dugun etengabeko ahalegin horrengatik, inor bere aukerarik gabe geratu ez dadin".