Eduki publikatzailea

Atzealdea HASI DIRA EITZAKO IBARRA URBANIZATZEKO LANAK

Zumarragak Eitza berrituko du, ibarbidearen urbanizazioarekin eta alokairuko 108 etxebizitza publikorekin

2024·10·25


HASI DIRA EITZAKO IBARRA URBANIZATZEKO LANAK

Zumarragak Eitza berrituko du, ibarbidearen urbanizazioarekin eta alokairuko 108 etxebizitza publikorekin

Mikel Serrano Zumarragako alkateak gaur prentsaurrekoan iragarri duenez, Eitzako ibarbidea urbanizatzeko proiektuaren obrak hasiko dira, dagoeneko hasi dira inguruko etxebizitzen atzealdeak eraisten. Urrats horrek ingurumen- eta hirigintza-arloko esku-hartzeari hasiera ematen dio, ingurune hori birnaturalizatzeko eta lehengoratzeko, gaur egun lurpean doan erreka azaleratuz.

800.000 euroko baterako inbertsioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak kostu osoaren % 62,5 jarri du, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren bidez; Zumarragako Udalak, berriz, gainerako % 37,5 hartu du bere gain. Obra bi fasetan egingo da: lehenengoan, erreka azaleratzeaz gain, saneamendu-hodi berri bat egingo da; bigarren fasean, eremua urbanizatzea aurreikusten da, auzoaren ingurune naturalarekin bat etorriz integratzeko, eta hiri-parke baten berezko azpiegiturez hornitzeko.

Serrano alkateak azpimarratu du proiektua Eitzako bizilagunekin hartutako konpromisoaren emaitza dela, eta honako hau adierazi du: "Jarduketa honekin, erabiltzen ez den eremu bat berreskuratzeaz gain, auzoaren ingurua duintzen dugu, legealdi honetan ingurumen- eta gizarte-balio handiagoko espazio bat sortzeko hartu dugun konpromisoa errealitate bihurtuz".

Obrak bederatzi hilabeteko epean bukatzea aurreikusten da, eta euriteen garaian ura husteko gaitasuna hobetzeko eta Zumarragako bizilagunei ingurune naturala eskaintzeko diseinatuta daude. Horiek Eitza auzoan birgaitutako eta birnaturalizatutako espazio batez gozatu ahal izango dute.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Visesaren bitartez, alokairuko 108 etxebizitza publiko eraikitzeko prozesuan aurrera egiten ari da Eitza. Guztira 15 milioi euroko inbertsioarekin, horietatik 4,6 milioi Next Generation EU funtsetatik datozenak, sustapen hau etxebizitza eskuragarrien eskaerari erantzuteko diseinatuta dago, bereziki udalerriko gazteen artean.