Eduki publikatzailea

Atzealdea HAURREK, NERABEEK ETA HERRITARREK ELKARREKIN ERABAKITZEN DITUZTE ZUMARRAGAKO KERIK GABEKO GUNEAK

Gazteen ahotsak akordio sozial bat bultzatzen du, espazio partekatuetan tabakoaren kontsumoa desnormalizatzeko.

2026·01·14


HAURREK, NERABEEK ETA HERRITARREK ELKARREKIN ERABAKITZEN DITUZTE ZUMARRAGAKO KERIK GABEKO GUNEAK

Gazteen ahotsak akordio sozial bat bultzatzen du, espazio partekatuetan tabakoaren kontsumoa desnormalizatzeko.

Zumarragan, 2026ko urtarrilaren 13an. Haurren eta Nerabeen Udal Planaren baitan, Zumarragako Udaleko Gazteria Sailak udalerriko haurrentzat eta nerabeentzat ingurune osasungarriagoak bermatzeko duen konpromisoan aurrera jarraitzen du. Duela gutxi nerabeekin egindako diagnostiko-tailerraren bidez, gazteek argi eta garbi adierazi zuten Zumarragako gazteen artean tabakoaren eta vaper-en kontsumoak sortzen dien kezka, bai eta praktika horiek gizartean —adingabeen zein helduen artean— normalizatuta egoteak dakarren arazoa ere. Halaber, heldu askok ohitura horiek eguneroko errutinan txertatzeak ematen duen eredu txarraz ohartarazi zuten. 

Hausnarketa horretatik abiatuta, eta gazteek beraiek egindako berariazko eskaera serio eta kontziente bati erantzunez, udalerrian kerik gabeko espazioak sustatzeko ekimena jarri zen martxan. Lehenengo fasean, eta II. Haur eta Nerabeen Astearen barruan, Zumarraga eta Urretxuko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek “Kerik gabeko guneak” tailerrean parte hartu zuten, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen eskutik. Jolas-dinamiken bidez, tabakoaren eta beste substantzia batzuen eraginei buruzko hausnarketa sustatu zuen tailerrak, mitoak desmuntatu zituen eta ohitura osasungarriak eta ingurunea zaintzea sustatu zituen. Azken helburua nerabeen artean kontsumitzen hastea sahiestea, edo gutxienez, atzeratzea da.

Lan horren ondorioz, adin txikikoak eurak izan dira Zumarragako lau espazio zehatz proposatu dituztenak kerik gabeko espazio bezala izendatu ahal izateko. Hau da, Euskadi plaza, Gazte Txokoa, Eitzagako ibarreko esparru berria edota Izazpiko gazteentzako ekipamenduak. Honekin, prozesuaren bigarren fasea hasten da, non helduei dei egiten zaien adingabeek egindako eskaera arduratsu honi erantzun diezaioten, gure gazteak aurrehautatu dituzten espazioen bozketan parte hartuz. Hala, urtarrilaren 17an, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara, Urola Garaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio postuak jarriko ditu azokan, bozkaketa bultzatzeko. Horrez gain, bozkatzeko formularioa urtarrilaren 30era arte egongo da eskuragarri udal webgunean, ahalik eta jende gehienaren inplikazioa errazteko.

BOZKATU!!

Ekimenari dagokionez, Iñaki Mendiluce Gazteriako zinegotziak azpimarratu duenez, “bozketa honen emaitzak ez du legezko debekurik ekarriko, ezta zigor ekonomikorik ere. Agindu moral eta kolektibo bat adostea da kontua, herri gisa gure haurtzaroak eta nerabezaroak eskatzen digutenari erantzuteko aukera bat: tabako-kontsumoaren eraginari buruz hausnartzea eta modu adostuan erabakitzen diren espazioetan ez erretzea. Ekimen honen helburua, beraz, ez da inor jazartzea, baizik eta osasunarentzat kaltegarria eta ekonomikoki garestia den kontsumo bat desnaturalizatzea, eguneroko bizitzan duen presentzia pixkanaka gutxitzen joateko asmoz, bereziki gaur egun haur diren etorkizuneko heldu gazteen artean”.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartetik eskerrak eman dizkio Zumarragako Udalari kerik gabeko guneak ezartzeko proiektu honetan beraiekin elkarlanean aritzeagatik. Ekimen honek osasun publikoarekiko eta prebentzioarekiko konpromiso irmoa islatzen du, minbiziaren aurkako funtsezko zutabeak baitira. Bizi-ohitura osasungarriak sustatzea funtsezkoa da, eta tabakoarekiko esposizioa murriztea, minbizi-mota askoren arrisku-faktore nagusietako bat izanik, funtsezko neurria da. Gainera, garrantzitsua da mezu hori belaunaldi gazteenei helaraztea, batez ere vaper-ak bezalako gailu berrien gorakadaren aurrean, ez baitaude arriskutik salbuetsita. Kerik gabeko inguruneak sortzeak babestu ez ezik, hezi ere egiten du, eta gizarte osasuntsuago bat eraikitzen laguntzen du.

Bozkatzeko prozesua amaitu ondoren, hirugarren fasean, emaitzen berri emango da publikoki eta ekitaldi bateratu bat egingo da. Ekitaldi horretan, inplikatutako eragile guztiek parte hartuko dute —adingabeak, ikastetxeak, elkarteak eta herritarrak—, eta identifikazio-seinaleak jarriko dira aukeratutako guneetan.

Horrela, Zumarragak haurtzaro eta nerabezaro osasuntsuago baterantz egiten du aurrera, Zumarraga osoaren oraingo eta etorkizuneko ongizatea zaintzen duten ingurune komunitarioak sustatuz, prozesu parte-hartzaile ukigarri eta zeharkakoen bidez.